Politika -

Iruzkina

Armen etika

Gobernuak eta erakundeak behin baino gehiagotan  ahalegindu dira arma merkatua arautzen eta oinarrizko etika irizpideak ezartzen, baina beti alferrikakoak izan  dira ahalegin horiek.

Juanjo San Miguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arma, norberaren burua babestu, erasoei aurre egin edo besteen kontra jotzeko tresna orori deitzen diogu. Historian zehar ezinbestekoak izan dira gizakiaren garapenerako, lehendabizi animaliei eta harrapakinei aurre egiteko, gero taldeen arteko gatazkak konpontzeko eta une batetik aurrera boterearen zilegitasuna babestu edo aldarrikatzeko.

Gaur egun armagintza garrantzi handiko lan arloa da, besteak beste urtero bi bilioi dolar mugitzen dituelako, milaka eta milaka lanpostu sortu eta ekonomiaren beste hainbat atalen euskarri eta sorburu delako. Armagintzan egindako ikerketen bidez materialen erabileran aurrera pauso handiak eman ditugu. GPSa ikerketa militarrei esker sortu zen, robotak, erreskateak egiteko teknologia gehiena. Protesiak, gai kimiko eta biologikoen erabilerak dituen ondorioak neurtzeko…

Baina armak ez dira saldu eta erosi liteken gai arrunta eta armagintza ez da beste edozein lan-arloren parean jarri daiteken jarduera. Gobernuak eta erakundeak behin baino gehiagotan  ahalegindu dira arma merkatua arautzen eta oinarrizko etika irizpideak ezartzen, baina beti alferrikakoak izan  dira ahalegin horiek. Bigarren Mundu Gerran 60 miloi pertsona hil eta gizakiak inoiz ikusitako izugarrikeria beldurgarrienak jasan ondoren, Nazio Batuen erakundea sortu zen. Bi oinarri nagusi ditu Munduko herrialde gehienak biltzen dituen erakunde honek,giza eskubideak eta gatazkak elkarrizketa eta negoziazioen bidez konpontzeko konpromisoa.

Gerraren irabazleek helburu horiek gauzatzeko konpromisoa hartu zuten eta horregatik dute beto eskubidea Segurtasun Batzordean, beraiek zuzentzen dituzte Nazio Batuak, aldi berean Munduko arma ekoizle eta saltzaile handienak dira. Estatu Batuek, Errusiak, Txinak, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra galarazteko jorratu beharreko bide guztiak jorratzeko ardura dute, eta beraiek dira gerra izan dadin ezinbestekoak diren armen hornitzaile nagusiak.

Armen ekoizpena, salmenta eta erabilera beti izan dira eztabaidagai, baina zalantzen aurrean jarrera beretsuak gailendu dira leku eta garai guztietan: armak derrigorrezkoak dira herriak eta erakundeak babesteko. Nik saltzen ez baditut beste batek salduko ditu. Armagintza ekonomiaren oinarri eta lanpostu sortzaile da… Eta irizpide hauek balio izan dute arma horiek herrialde demokratei, diktadore basatiei edo giza eskubideak neurri gabe urratzen dituzten erregimenei saldu behar izan dizkiegunean. Ziur aski gizakion jarduera zenbaitetan etikari oraindik tokia aurkitu ez diogulako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europako hauteskundeak analisiak Juanjo san Miguel Eguneko albisteak Eguneko albisteak