Politika -
Gernikako Estatutua
Konstituzionalaren arabera, Gizarte Segurantzako eskumena transferitzea posible da
Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko bi errekurtso aurkeztu zituen, eta haien harira gogoeta hau egin du Auzitegi Konstituzionalak orain.
Agentzia | Erredakzioa
Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren eskumena Euskal Autonomia Erkideagoak bereganatzea posible dela uste du Auzitegi Konstituzionalak, sistemaren batasuna arriskuan edo Gizarte Segurantzako baliabide guztien jabetza zalantzan jartzen ez baldin bada eta eskumenen batzorde mistoak dagozkion hitzarmenak sinatzen baldin baditu, Gernikako Estatutuak aurreikusi bezala.
Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko bi errekurtso aurkeztu zituen, eta haien harira gogoeta hau egin du Auzitegi Konstituzionalak orain. Alde batetik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) gazteen ikastun-kontratuak laguntzeko kudeaketa bereganatu zuelako helegitea aurkeztu zuen Jaurlaritzak; eta bestetik, Estatuak ezohiko langabezia-saria (SED) arautu izana errekurritu zuen EAEko Exekutiboak.
Konkretuki, aurreneko kasuan, helegiteak 2018ko Aurrekontu Orokorreko 6/2018 Legearen (uztailak 3koa) 120. xedapen gehigarriaren eta azken xedapeneko 5 eta 7 atalen aurka aurkeztu zituen Jaurlaritzak; eta bigarrenean, 28/2018 Errege-dekretuko (abenduak 8koa) 8. xedapen iragankorra eta xedapen indargabetzaileko 2.d eta 2.e atalen aurka egin zuen. Azken horiek pentsioen inguruko eta premiazko beste neurri batzuk hartzeko baliatu zituen Espainiako Gobernuak. Euskadiren eskumenak urratu egin zituztela argudiatu zuen Jaurlaritzak helegiteetan.