Politika -

Estatutu berria

Estatutua berritzeko iaz adostutakoa 'babestu ez izana' egotzi dio Iriartek EAJri

EH Bilduko bozeramailearen ustez, jeltzaleek PSE-EErekin akordioa egiten badute testuak ez du "erabakitzeko eskubidea" aitortuko. Dena den, esan du badagoela "denbora" gaiaz hitz egiteko.

Iriarte, Casanova eta Pinedorekin batera, Legebiltzarrean egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte, Iker Casanova eta Leire Pinedo Legebiltzarrean.
Iriarte, Casanova eta Pinedorekin batera, Legebiltzarrean egindako agerraldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak deitoratu duenez, EAJk "ez ditu babestu" koalizio subiranistarekin iaz EAEko Autonomia Estatutua eraberritzeko adostutako oinarriak. Dena dela, "zuhur" agertu da lantaldeak gaur-biharretan bukatu behar dituelako lanak, eta gerora ere, badagoelako "denbora" gaiari heltzeko —testua eztabaidatu eta izapidetu behar dute Legebiltzarrean—. "Ikusiko dugu zer gertatzen den. EH Bilduren posizioa argi dago. Legebiltzar honek lortutako akordioan mantentzen gara", erantsi du.

Iriartek prentsaurrekoa eskaini du Ganberan EH Bilduk 2020ko Aurrekontu Proiektuari egin dizkion proposamenak aurkezteko. Gai horri buruz ez ezik, estatutu berriaren auziaz ere mintzatu da koalizioaren eleduna.

Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak hala eskatuta, testu artikulatu berria prestatzen ibili da aditu talde bat. Oraindik ez dute behin betiko testua adostu, baina, dirudienez, EAJk eta EH Bilduk iaz adostutako akordioak baino kutsu subiranista txikiagoa izango du.

Iriartek ohartarazi duenez, EAJk PSE-EErekin akordioa egiten badu, testuan "ez da erabakitzeko eskubiderik egongo, ezta Kontzertu Politikorik eta berme sistema benetakorik ere". "Ez da ezer aldatuko", deitoratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte EAEko Autonomia Estatutua