Itxi

2019/11/28

13:22

Politika

'Proces' auzia

Konstituzionalak Junqueras babestea arbuiatu du, baina guztien adostasunik gabe

Agentziak | Erredakzioa

Generalitatearen presidenteorde ohiak babes eskeko errekurtsoa zuen aurkeztuta, izan zuen presoaldi prebentiboko egoeraren aurka; arbuiatu egin dute, baina erabaki horrek kontrako hiru boto izan ditu.

  • Oriol Junqueras, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Argazkia: EFE.

    Oriol Junqueras, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Auzitegi Konstituzionalak arbuiatu egin du Oriol Junqueras Generalitatearen presidenteorde ohiak ia bi urtez izan zuen presoaldi prebentiboko egoeraren aurka aurkeztutako babes eskeko errekurtsoa; osoko bilkuran, lehen aldiz, 'proces' auziarekin lotutako kontuetan egon izandako guztien adostasuna hautsi da.

Auzitegiak aldeko bederatzi botorekin eta kontrako hirurekin onartu egin du Juan Jose Gonzalez Rivas presidentearen txostena; horrek Junqueras ez babestearen alde egiten zuen, errekurtsoak zalantzan jarritako epai-erabakiek Konstituzioaren eskakizunak betetzen baitituzte.

Nolanahi ere, hiru epailek osoko bilkuraren ebazpenarekin bat ez doan boto bat izenpetu dute; hortaz, 'proces' auziarekin lotutako errekurtsoei heltzeko orain arteko adostasuna galdu egin da.

"Legezko aurreikuspena, xede legitimoa eta proportzionaltasuna"

Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi duenez, epaiaren arabera, presoaldi prebentiboari eusteko erabakiak "Konstituzioaren eskakizunak bete egiten ditu: legezko aurreikuspena, xede legitimoa eta proportzionaltasuna"; epaile aurrerakoi hauek, baina, ez dira gehiengoaren erabakiaren ados egon: Juan Antonio Xiol, Maria Luisa Balaguer eta Fernando Valdes.

Osoko bilkuraren gai-zerrendan, halaber, Junquerasen beste errekurtso bat ere badago; hain zuzen, 2017an Kataluniako diputatu hautatu zutela Parlamentuko bilkura osagarrira joateko egin zuen eskariari Pablo Llarena epaileak emandako ezezkoaren aurkako errekurtsoa. Juan Antonio Xiol txostengilea babesa ematearen aldekoa da; hortaz, baliteke berriro desadostasunak sortzea.

EFEk iturri juridiko batzuei egin die kontsulta; horiek adierazi dutenez, iritzi desberdinak izatea auzitegi guztien ezaugarri nagusietakoa da. Dena den, Konstituzionalaren osoko bilkuraren barruan, beti saiatu izan dira adostasuna izaten; izan ere, epaileek jakin badakite zigortutako lider independentisten defentsak Auzitegian izan litekeen edozein zatiketa-zirrikiturik topatzen ahaleginduko direla, eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzean, boto partikularrak baliatu nahi izango dutela.

'Proces' auziaren epaiak 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Junquerasi. Kataluniako presidenteorde ohiak ia bi urtez indarrean izandako presoaldi prebentiboa berresten zuten Auzitegi Gorenaren autoen aurkako errekurtsoak aurkeztu zituen; alegatu zuenez, bere oinarrizko eskubide hauek urratuta zeuden: ideologia-askatasuna, adierazpen-askatasuna, babes judizial efektiboa, errugabetasun-presuntzioa, eta familia-bizitza.

Auzitegiak ez ditu onartu kexa horiek, epaian (oraingoz, epaitza soilik eman dute jakitera), eta ustez urratuta izan diren gainerako eskubideen gaineko errekurtsoa ere gaitzetsi egin du; alegia, parte-hartze eta ordezkaritza politikoa, kargu publikoa izatea, defentsa, eta zigor-legezkotasuna dira eskubide horiek.

"Korapilatsua"

Kontsultatutako iturrien esanetan, aurkeztutako helegite guztiak kontuan izanik, Junquerasena korapilatsuenetakoa zen; ebazpen honen ostean, aukera dago Auzitegia 'proces' auzian kondenatuta izan direnen errekurtsoen zerrendari buruz erabakitzen hasteko.

Santiago Martinez-Vares epaileak, halaber, bildutako boto partikularra eman du; ados dago gehiengoaren erabakiarekin, baina ez erabilitako argudioekin.  

Abenduaren 19an emango du epaia Europak  

Bestalde, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak abenduaren 19an emango du Oriol Junquerasek eurodiputatu gisa duen immunitatearen inguruko epaia.

Maciej Szpunar EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak duela bi aste ondorioztatu zuen Junqueras eurodiputatu gisa onartu beharko litzatekeela, bere eserlekua hautesleen botoaren mende dagoelako soilik, eta horren izendapena ezin delako akta jasotzeko formalitaterik betetzearen mende egon.

Dena dela, Europako abokatuak ohartarazi zuen Auzitegi Gorenak emandako epaiak bertan behera uzten duela  Junqueras eurodiputatu gisa izendatzeko boto-emaileek emandako agindua, eta, ondorioz, EBko Justizia Auzitegiak ez duela horren inguruan epaia emateko eskumenik. Hortaz, Europaren erantzuna “aholku bat izango litzateke” bakarrik.

Abokatu nagusiaren iritziz, nolanahi ere, Europako Parlamentuak aukera izan beharko luke bere kideetako baten immunitatea eteteko edo mantentzeko aukerari buruz iritzia ematea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;