Politika -

Ostiral honetan aurkeztu dute

Euskal Memoriak 'euskal disidentziaren' presoen gaineko monografikoa argitaratu du

Carlos Trenor Euskal Herritarroken Donostiako zinegotzi ohia da lanaren egilea. Euskal Memoriaren arabera, 80.000 bat euskal herritar izan dira espetxean "arrazoi politikoak tarteko", 1936tik.

Euskal Memoriak ostiral honetan aurkeztu du monografikoa. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Euskal Memoriak ostiral honetan aurkeztu du monografikoa. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Euskal Memoriak ostiral honetan aurkeztu du monografikoa. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Memoria fundazioak "euskal disidentziaren" presoen gaineko lan monografikoa argitaratu du; alean, 1978tik 2011ra bitartean "arrazoi politikoak tarteko" kartzelan izandako euskal presoak ditu hizpide fundazioak.

Iñaki Egaña erakundeko presidenteak eta Carlos Trenor lanaren egileak prentsaurrekoan aurkeztu dute monografikoa, ostiral honetan, Donostian. Trenor zinegotzi egon zen Donostiako Udalean, Euskal Herritarrok alderdiaren aldetik.

Aurkezpenean izan direnen artean, ETAko kide ohi historiko batzuk zeuden; besteak beste, Eugenio Etxebeste, Domingo Aizpurua eta Eneko Irigaray. Azken hori banda terroristako sortzaileetako bat izan zen.

Agerraldian, Iñaki Egañak azaldu du fundazioak ikertzen dituela "1936tik, hau da, Gerra Zibila hasi zenetik, arrazoi politikoengatik espetxeratuta izan direnak"; zehaztu duenez, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko datuak kontuan izanik, 80.000 bat euskal herritar izan dira kartzelan Gerra Zibila hasi zenetik.

Egañak azaldu du horietatik 55.000 "Gerra Zibileko garaian" izan zirela kartzelan, beste 12.000 frankismoan 1960ra arte, eta "7.500 bat ordutik"; horiei gehitu behar zaizkie, Egañaren esanetan, Bigarren Mundu Gerran Ipar Euskal Herrian izandako 5.000 presoak.

Lan sakona, 1960tik hona espetxeratuen gainean

Historialariak, halaber, aurreratu du datorren urtean fundazioak sakonduko duela, "lan zehatzago baten bidez", 1960tik ustez arrazoi horiengatik preso izandako 7.500 lagunen gainean; horien datu pertsonalak txertatuko omen dituzte iragarritako lan horretan.

Testuinguru horretan, jakinarazi du, halaber, Euskal Memoriak beste agerraldi batzuk egingo dituela, bi ikerketaren berri emateko. Alde batetik, Jose Miguel Etxeberria ETAko ustezko presoaren gaineko berritasunak emango dituzte (Landetan desagertu zen Etxeberria, Frantzian, 1980an); bestalde, Jose Bernardo Bidaola ETAko ustezko kideaz ere mintzatuko dira. Bidaolak bere buruaz beste egin omen zuen, orain arteko ikerketen arabera, baina Egañak dio badituela datuak "erabat" ezeztatzeko suizidioaren tesi hori.

Carlos Trenor liburuaren egileak, bere aldetik, nabarmendu du "zailtasun handia" duela dauden datuei heldu eta berea bezalako lan batean laburbiltzeak, baina, nolanahi ere, alea "ontzat eta dokumentatutzat" jo du. Monografikoak "testigantza ugari" biltzen ditu, eta presoak sei taldetan ditu banatuta; hauek dira sei talde horiek: ETArekin lotutakoak, "dena da ETA" deituriko taldekoak, “kale borroka” tarteko kondenatuak, intsumisoak, COPELen egoteagatik espetxeratuak (Borrokan dauden Presoen Koordinakundea zen COPEL), eta "klase-kontzientziaren alde egiteagatik" kartzelan sartu zituztenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Iparraldea berriak EAE Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa albisteak Memoria historikoa albisteak