Politika -
Adierazpen bateratua
'Estatu berriak hartzeko mekanismoak' eskatu dizkiote Kataluniak eta Flandriak EBri
Quim Torra Kataluniako presidentea eta Jan Jambon Flandriako presidentea Generalitateko jauregian bildu dira.
Agentzia | Erredakzioa
Kataluniako eta Flandriako gobernuek adierazpen bateratu bat sinatu dute larunbat honetan. "Batasunaren barruan, bide demokratikoen bidez, sortzen diren estatu berri independenteak barneratzeko mekanismo bat ezartzea" eskatu diote Europar Batasunari (EB).
Quim Torra Kataluniako presidentea eta Jan Jambon Flandriako presidentea Generalitateko jauregian bildu dira goizean. Bi exekutiboek Katalunia-Flandria batzorde mistoa osatu zuten 2008an.
"Eskoziako erreferenduma, autodeterminazio baketsuaren ideia, Kataluniarentzako konponbide politikoaren oinarria izan beharko litzateke", azpimarratu dute adierazpen bateratuan.
"Espainiako Erresumaren errepresioaren aurrean, Flandriako herriaren elkartasuna" eskertu du Torrak prentsaurrekoan. "EBk demokraziaren eta askatasunaren erreferente izan nahi baldin badu, Estatuak ez diren subiranotasunak aitortu beharko ditu", nabarmendu du Kataluniako agintariak.
Kataluniako gatazkaren konponbidea "beti bide demokratiko eta herriaren borondatearenganako errespetuaren eskutik" helduko dela azpimarratu du Torrak.
Independentismoak "indarkeriarik gabeko" bidea ez duela utziko erantsi du Torrak. XXI. mendean gaudela gogorarazi du, eta ondorioz, "erantzuna eman behar zaion erronka baten aurrean gaudela bistakoa da".
"Flandriak erbesteratuak nola hartu dituen ikusita poz handia" hartu du Generalitateko presidenteak.
"Espainian ez dugu justiziarik aurkitzen eta Europan topatzea espero dugu eta, konkretuki, Belgikan", esan du.
Bestalde, Kataluniako herriaren "pazientzia eta iraunkortasuna" laudatu du Jambonek, eta independentziaren helburua lortzeko "ausardiarekin" aurrera jarraitzera animatu ditu.
Etorkizunean "Europa gardenago eta demokratikoago bat" ikusi ahal izatea espero du Jambonek. "Kataluniari entzun eta begiratzeko" eskatu dio Flandriako presidenteak Europako Batzordeari.
Kataluniako buruzagi independentistak zigortu zituen Auzitegi Gorenaren epaia aho batez gaitzetsi zuen Flandriako Parlamentuak urriaren 16an. Belgikako iparraldean dagoen eskualdea da, eta N-VA alderdi abertzaleak gobernatzen du.