Politika -
Diputatu nagusia
Gipuzkoako PPk bere hautagaia aurkeztuko du biharko osoko bilkuran
Juan Carlos Cano popularrak azaldu duenez, "ezinezkoa" izan da PPren, EAJren eta PSEren arteko akordioa lortzea.
Erredakzioa
Gipuzkoako PPk Juan Carlos Cano hautagaia aurkeztuko du bihar diputatu nagusi berria aukeratzeko osoko bilkura berezian. EAJrekin eta PSErekin akordioa lortzea "ezinezkoa" izan dela esan dute popularrek, "euren arteko adostasunari aukerarik eman ez diotelako eta gipuzkoarren gehiengoa umezurtz uztea nahiago izan dutelako".
Juan Carlos Canok agerraldia egin du gaur Donostian, eta PSEren eta EAJren ordezkariekin hitz egiteko "azken esfortzua" asteartean bertan egin zuela esan du. "Gobernu aurrerakoi bat osatzeko azken saiakera izan zen", eta horretarako hautagaien hurbileko ordezkariekin hitz egiten saiatu zen. Hala ere, "gipuzkoarrei etorkizunera begira aukerarik emateko" asmorik ez zuela aurkitu nabarmendu du Canok. "Espero genuen errealitate txundigarria aurkitu genuen", gaineratu du.
"Argudiorik" ez ziotela eman azaldu du: "Hutsik dagoen frontoi batekin hitz egitea bezala izan zen". Halaber, jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanik ez dagoela esan du Canok. Beraz, PPk bere hautagaia aurkeztuko du biharko osoko bilkuran.
Sozialistek ez dute Olanoren alde egingo
Bestalde, Markel Olano EAJren hautagaiari ez diotela botoa emango iragarri dute gaur sozialistek, eta biharko osoko bilkuran hautagai propioa aurkeztuko dutela esan dute: Rafaela Romero.
Jose Antonio Pastor bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoako diputatu nagusi berria Martin Garitano izatearen erantzukizuna "EAJrena izango da".
Aralarrek Martin Garitanori emango dio botoa
Atzo, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak iragarri zuen bere alderdiak Bilduko hautagaiari, Martin Garitanori, emango diola botoa.
Zabaletak adierazi zuenez, "orain arte Bilduk Gipuzkoan alderdi guztien presentzia onartu du Batzar Nagusien Mahaian" eta hori, Aralarreko koordinatzailearen iritziz, "oso positiboa da eta kontuan hartu behar da".