Politika -

Bateragune auzia

Gernikako Akordioak auzipetuak absolbitzea eskatu du

Akordioaren sinatzaileen hitzetan, auzia "aurrekari arriskutsua" izan daiteke "bakea eta normalizazio politikoa lortzeko".

Gernikako Akordioaren sinatzaileak, gaurko prentsaurrekoan. EITB
Gernikako Akordioaren sinatzaileak, gaurko prentsaurrekoan. EITB
Gernikako Akordioaren sinatzaileak, gaurko prentsaurrekoan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako Akordioaren sinatzaileek Bateragune auzian auzipetutakoak absolbitzea eskatu dute, "aurrekari arriskutsua" izan daitekeelako "bakea eta normalizazio politikoa" lortzeko.

Horren ildotik, "epaiketak" alde batera utzi, eta alderdi politikoekin "elkarrizketaren bidea"ri ekiteko eskatu diote Espainaiko Estatuari.

Gernikako Akordoa sinatu zuten erakundeetako ordezkariek adierazpen bat adostu dute, eta prentsaurrekoan aurkeztu dute, Bilbon. Besteak beste, Ikerne Badiola (EA), Oskar Matute (Alternatiba), Tasio Erkizia (ezker abertzalea), Josu Murgia (Aralar) eta Igor Urrutikoetexea (LAB) izan dira bertan.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek "konpromiso zintzoa eta irmoa" agertu dute "gure herrira bakea eta konponbide demokratikoa" ekartzeko, "normalizazio politikoaren eta indarkeria ezaren alde lan eginda".

"Auzi honetan, bide politikoak soilik erabiltzearen alde egin duten politikariak eta sindikalistak epaituko dituzte", salatu dute, eta ondoren berretsi egin dute "indarkeriarik, mehatxurik, presiorik, jazarpenarik eta torturarik" gabeko Euskal Herria defendatu dute.

"Indarrak batu"

Horregatik, Bateragune auziko epaiketa salatzeko ekimenetan parte hartzeko dei egin dute, eta "eskubide zibilak eta politikoak" errespetatuta, auzipetuak absolbitzeko eskatu diete "botere politikoei eta judizialei".

Azkenik, "indarrak batzeko" dei egin die eragile sozialei eta alderdi politikoei, "Euskal Herria bake eta eskubide urraketarik gabeko bidera eramateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea