Politika -

2020ko Aurrekontu Proiektua

EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete EAEko Aurrekontuei

EH Bilduk kontuak itzultzea edo, bestela, 234 milioi euroko aldaketak egitea eskatu du; PPk ere eskatu du atzera botatzea, "faltsuak eta oso txarrak" direla iritzita.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea argazkiaren erdian. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea argazkiaren erdian
Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea argazkiaren erdian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete EAEko Aurrekontuei ostegun honetan. EH Bilduk Aurrekontuen Proiektua itzultzea edo, bestela, 234 milioi euroko aldaketak egitea eskatu du; PPk ere eskatu du atzera botatzea, "faltsuak eta oso txarrak" direla iritzita. 

Hala, EH Bilduk osoko zuzenketa bat eta 77 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio 2020ko Aurrekontuen Proiektuari, eta kontuak itzultzea edo, hori ezinezkoa bada, proiektuan 234,5 milioi euroko aldaketak egitea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ostegun honetan eman du ezagutzera, Legebiltzarrean zuzenketak erregistratu ostean, koalizioak Jaurlaritzaren Aurrekontuen Proiektuaren aurrean aurkeztu dituen proposamenen edukia.

EH Bildu taldeak osoko zuzenketa bat aurkeztu du, proiektua Jaurlaritzari itzultzea eskatzeko, Jaurlaritzak egindako kontuek aurreko urteetako "joera bera" dutela iritzita.

Iriartek salatu duenez, Iñigo Urkulluren kabineteak diseinatutako Aurrekontuak "austeritate" parametroetan jarraitzen du, ez ditu azken urteetako gastu publikoan izandako "murrizketak" lehengoratzen, eta, beraz, EAEko gizarte arrakala "larriagotuko" duen proiektua da.

PP: "Kontu faltsuak eta oso txarrak"

Bestalde, Anton Damborenea PPk Legebiltzarrean duen bozeramaileak osoko zuzenketa erregistratu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, eta Eusko Jaurlaritzari itzultzeko eskatu du, kontu "faltsuak eta oso txarrak" direla uste baitu; izan ere, "ez du ekonomia sustatzeko neurririk hartzen", eta ez du "kalean bizi den jendearentzat neurri bakar bat ere" proposatzen, "neurri guztiek mesede egiten baitiete Jaurlaritzaren kontura bizi direnei, batez ere Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenei", esan du.

Damboreneak agerraldia egin du hedabideen aurrean, PPk kontuei egindako osoko zuzenketa Legebiltzarreko erregistroan aurkeztu ostean. PPk 560 zuzenketa partzial eta 15 zuzenketa baino gehiago egin dizkie Eusko Jaurlaritzak igorritako lege-proiektuaren artikuluei.

PPko bozeramaileak azaldu duenez, aurkeztu duten osoko zuzenketak Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektua erretiratzea eskatzen du, "faltsua" delako, "ez baita egia Exekutiboak duela bi urte baino diru gutxiago izatea".

"Ezin da onartu duela bi urtekoa baino aurrekontu txikiagoa izatea, urtez urte zerga-bilketaren errekorra gainditu eta defizit helburu guztiak betetzen ditugunean", berretsi du.

Nolanahi ere, EH Bilduren osoko zuzenketak (eta PPk aurkeztutakoak) ez du aurrera egiteko inolako aukerarik, Elkarrekin Podemosen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aurrekontu-akordioaren printzipioak bermatu egiten baitu kontuak ez direla itzuliko, eta abenduaren 27rako aurreikusitako behin betiko bozketara, gutxienez, iritsiko direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak