Politika -
Zigorraren berrikusketa
Otegi auzian Espainiari jarritako zigorra berriz aztertzea eskatu dute
Erregeak Bizkaia bisitatu zuen2003an, Egunkaria-ko hamar langile atxilotu ostean. Otegik bisitaren inguruko adierazpenak egin zituen eta horregatik Gorenak eta Konstituzionalak zigortu zuten.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiaren adierazpen askatasuna urratzeagatik Espainia zigortu zuen Estrasburgoko auzitegiak. Zigorra berriro aztertzeko eskatu dio orain Giza Eskubideen Europako Auzitegiari Estatuko Abokatutzak.
Martxoaren 15ean, Otegiri zigor "neurrigabea" ezartzeagatik Espainia zigortu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak: Erregea iraintzeagatik urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Otegiri Espainiak. Erregea "torturatzaileen arduraduna" zela esan zuen Batasunako bozeramaile ohiak. 23.000 euroko kalte-ordaina ezarri zuen auzitegiak.
Epaiaren arabera, "ekintza politikoan egindako urraketa batengatik ezarritako espetxe zigorra ez da Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10. artikuluarekin bateragarria, adierazpen askatasuna bermatzen baitu".
Estatuko zerbitzu juridikoek sententzia Giza Eskubideen Europako Auzitegian berriro aztertzea eskatu dute.
Juan Carlos I. Erregea Bizkaian izan zen 2003an. Egun batzuk lehenago, Egunkaria-ko hamar langile atxilotu eta torturak salatu zituzten. Epaitegi Gorenak erregea iraintzeagatik zigortu zuen Otegi eta ondoren, Epaitegi Konstituzionalak epaia berretsi zuen.
Egunkaria-ko langileek salatutako torturei buruz ari zen ezker abertzaleko burua erregearen gainean honakoa esan zuenean: "Nola liteke Espainiako erregeari gaur Bilbon argazkiak egitea, Espainiako erregea Espainiako Armadaren buru gorena bada, hau da, tortura babesten duen torturatzaileen arduraduna eta tortura eta indarkeriaren bidez gure herriari bere erregimen monarkikoa inposatzen diona bada?"
2003an, Otegi Sozialista Abertzaleak alderdiko legebiltzarkidea zen eta urtebete eman zuen kartzelan, 2007ko ekainaren 8tik 2008ko abuztuaren 30era arte. 78.586 euroko kalte-ordaina eskatu zion Otegik Estrasburgoko Auzitegiari, espetxean egon zen bitartean, legebiltzarkideei dagokien "ordainsaria" jaso ez zuelako.