Politika -

M-22ko hauteskundeak

Hasi da Gipuzkoako ahaldun nagusia hautatzeko saioa

Azken orduko ezustekorik ezean, Martin Garitano (Bildu) izendatuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiek hasiera eman diote lurralde horretako ahaldun nagusia hautatzeko saioa. Ezustekorik ezean, Martin Garitano Bilduko hautagaia izendatuko dute.

Saioa 09:00etan hasi da, eta egun osoa iraungo du, hautagai guztiek (Bildu, EAJ, PSE eta PP) hitz egingo baitute.

Gonbidatuentzako eserlekuetan ezker abertzaleko hainbat buruzagi daude, hala nola Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Miren Legorburu Hondarribiko zinegotzi ohia eta Iñigo Balda Donostiako zinegotzi ohia. Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta Bilduko bozeramailea ere bertan da.

Palkoaren beste aldean, Iñaki Arriola PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusia eta Manuel Huertas buruzagi sozialista daude.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak hilaren 13an osatu zituzten, eta saio horretan Lohitzune Txarola (Bildu) aukeratu zuten presidente.

Maiatzaren 22ko foru hauteskundeetan, koalizio abertzaleak 22 batzarkide lortu zituen, EAJk 13, PSE-EEk 10, PPk 4 eta Aralarrek 1.

Ekainaren 11n Udalak osatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta, orduan ere, EAJk, PSEk eta PPk ez zuten itun zabalik lortu.

Ondorioz, Gipuzkoako hainbat herritan Bilduk alkatetza lortu zuen, tartean Donostian. Ordutik, ez da harremanik egon EAJren eta PSEren artean.

Ondorioz, alderdi bakoitzak bere hautagaia aurkeztu eta defendatuko du, Aralarrek izan ezik, Bilduren hautagaiaren alde bozkatuko baitu.

EAJk Markel Olanoren hautagaitza defendatuko du; PSEk Rafaela Romerorena eta PPk Juan Carlos Canorena.

Ezustekorik gertatzen ez bada, eta alderdi bakoitzak bere hautagaiari babesa ematen badio, Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia lortuko du. Orain arte EAJk gobernatu du Gipuzkoan, baina azken hauteskundeetan boto ugari galdu ditu eta lau alkatetza besterik ez ditu lortu (Hondarribia, Elgoibar, Aia eta Urnieta).

Gainera, jeltzaleek ez zituzten sozialisten hautagaiak babestu Donostiako, Errenteriako edo Andoaingo Udaletan eta, ondorioz, EAJk ez du PSEren babesa eskuratuko gaur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea