Politika -

Saioa Gipuzkoako Batzarretan

Rafaela Romerok ETAren amaiera exijitzeko eskatu dio Martin Garitanori

Hautagai sozialistak gizarteari "ez huts egitea" eta "ardura historikoak eskatutako mailan egotea" eskatu die koalizio abertzaleko batzarkideei.

Rafaela Romero, gaurko hitzaldian. EITB
Rafaela Romero, gaurko hitzaldian. EITB
Rafaela Romero, gaurko hitzaldian. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiak ahaldun nagusia hautatzeko saioa egiten ari dira une honetan. Azken orduko ezustekorik ezean, Martin Garitano (Bildu) aukeratuko dute.

Saioa 09:00etan hasi da, eta egun osoa iraungo du, hautagai guztiek (Bildu, EAJ, PSE eta PP) hitz egingo baitute.

Hitz egiten lehena Rafaela Romero PSE-EEko ahaldun nagusigaia izan da, hautagaitza erroldatu zuen lehena izan zelako.

Hautagai sozialistak esan du "babesa" agertuko diola koalizio abertzaleari bakearen alde lan egiten badu, baina hala egin ezan, PSE-EEren "oposizioa eta kritika zorrotza" izango dela ohartarazi die.

Romerok "itxaropenerako" deia egin du, legegintzaldi honetan "guztiontzako bakea" lortuko den konfiantza baitauka. PSE-EEren ahaldun nagusigai sozialistaren esanetan, bakea "nazionalisten eta ez nazionalisten", "terrorismoaren biktimen eta indarkeria mota guztien biktimen" eta "erabakitzeko eskubidearen aldekoen eta aurkakoen" artean lortu beharra dago.

"Bake partekatu eta adiskidetu horren ondorioz, hilketen, mehatxuen, beldurraren, xantaien eta jazarpenaren amaiera etorriko da", gaineratu du.

Halaber, ETA existitzen den bitartean, herritar asko ez direla aske sentituko nabarmendu du. Horrenbestez, "Gipuzkoako hurrengo ahaldun nagusiari" ETAri desegitea exijitzeko adierazpen bat egitea eskatuko diola iragarri du.

Bizkartzainen polemikari dagokionez, Romerok "iraingarri"tzat jo du oraindik ETA gaitzetsi ez dutenek "mehatxatutakoen segurtasuna murriztuz" hasi izana agintaldia.

EAJ-PSE-PP akordioaren porrota

Hautagai sozialistak gogorarazi du maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean bere alderdiak EAJrekin "egonkortasun akordioa" egitearen alde egin zuela.

"Baina ez da posible izan. EAJk Bilduren alde egin du, ekainaren 11n, udalak osatu ziren egunean, egiaztatu ahal izan zen bezala", deitoratu du.

Nolanahi ere, etorkizunean akordioak lortzeko prest dagoela esan du, baina betiere "Aldundia eta udalak", denak, kontuan hartuta.

Ekonomia eta gizartea

Hitzaldiaren gainerako puntuetan, Romerok azaldu egin ditu bere proposamen nagusiak, tartean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, Donostialdeko Metroa, Abiadura Handiko Trena, zerbitzu sozialak eta Pasaiko kanpo portua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea