Politika -

Inbestidura saioa

UPN-PSN akordioak gizartearen arazoak ezkutatzen ditu, NaBairen ustez

Bilduk, bere aldetik, diskurtsoa "edukiz hutsa" izan dela kritikatu du, "neurri zehatzik ez" duela azaldu eta "ilusiorik" ere ez duela piztu.

Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen Parlamentuko bozeramailea, gaur. Argazkia: EITB
Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen Parlamentuko bozeramailea, gaur.
Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen Parlamentuko bozeramailea, gaur. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen Parlamentuko bozeramaileak esan du UPNk eta PSNk egindako akordioak, gaur Barcinak aurkeztu duenak, ihes egiten diela Nafarroako gizartearen benetako arazoei.

Zabaletak, espero zen moduan, Barcinaren kontra bozkatuko dutela iragarri du, izan ere, erregionalistek PSNrekin lotutako akordioan ez dago "ia ezer zehatzik", eta horrek agerian uzten omen du "benetako asmoak ezkutatu nahi dituztela", hau da, PSNk eta UPNk zerbitzuak eta eskubideak "murriztuko" dituztela.

NaBairen bozeramaileak esan du koalizio berri hori aurrekoaren "segida" bat besterik ez dela eta "eskuineko eta eskuin muturreko politikak" ezartzen jarraituko duela.

Bestalde, koalizio gobernuak "bakea eta elkarbizitza lortzeko helbururik ez" duela gaitzetsi du, eta nafarren "erabakitzeko eskubidea" baztertu egiten duela.

Akordio horretan agertzen ez diren gaiak "askoz ere garrantzitsuagoak" direla azpimarratu du Zabaletak, eta hor sartu du "normalkuntza demokratikoa eta bakea, gizarte nafarrak hainbeste behar duena".

Bilduk dio diskurtso "hutsa" izan dela

Bakartxo Ruiz Bilduren Parlamentuko bozeramaileak, bere aldetik, bat egin du NaBairekin eta diskurtsoa "edukiz hutsa" izan dela kritikatu du, "neurri zehatzik ez" duela azaldu eta "ilusiorik" ere ez duela piztu. Etorkizunean, Barcinak errealitatearekin egingo duela "topo" igarri du.

Ruiz "harro" agertu da Bilduk "zilegitasun osoz" Parlamentuan egotea lortu duelako, nahiz eta batzuei horrek "deserosotasuna" eragin. Koalizio abertzaleak "ilusioz, konpromisoz eta arduraz" helduko omen dio legegintzaldiari, babesa agertu dion gizartearen "ahotsa" izateko.

Barcinaren mintzaldiari dagokionez, "neurri zehatzik" entzun ez izana kritikatu du eta galdera egin dio bere buruari, ea ez duen neurririk edo "ea ez dituen ezagutzera eman nahi".

Entzun duenaren arabera, Barcinak "nafar guztien presidentea ez, berak bezala pentsatzen dutenena" izango dela ondorioztatu du.

"Komenientziazko" gobernua ikusten du PPk

Nafarroako PPren bozeramaileak, Santiago Cerverak, UPNk eta PSNk "komenientziazko" koalizioa osatu dutela kritikatu du, eta Yolanda Barcina buru izango duen Gobernua ez dela "indartsua" izango uste du.

Cerverak gogora ekarri duenez, Roberto Jimenezek hauteskunde-kanpainaren aurretik esan zuen "inoiz ere ez" zuela UPNrekin gobernatuko edo "hozkia" ematen diola aukera horretan pentsatzeak".

Izquierda-Ezkerra, proiektu neoliberalaren kontra

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerraren bozeramaileak errefusatu egin ditu Barcinak gaur aurkeztu duen programako neurri ekonomiko "neoliberalak" eta aukera bakarra ezetz bozkatzea dela esan du.

Nuinek gaitzetsi egin du Nafarroako egoera sozial eta ekonomikoa "larria" dela eta "azkar" egiten ari dela okerrera azken hilabeteotan. UPNk egiten dituen “murrizketen” arriskuaz ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea