Politika -
Saioa Legebiltzarrean
Lehendakariak dei egin du Gipuzkoako proiektuak blokeatzea galarazteko
Patxi Lopezek akordioak lortzeko eskatu die EAJri, PSEri eta PPri, eta gaineratu du ez duela onartuko abiadura handiko trenaren aurkako "boikota".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak dei egin die EAJri, PSEri eta PPri negoziatzeko eta Gipuzkoako Aldundian eta lurralde horretako udaletan akordioak lortzeko, Bilduren gobernuek "proiektu estrategikoak" blokeatzea galarazteko. Besteak beste, Pasaiako kanpo portua eta errepide sarearen garapena aipatu ditu.
Lopezek Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenak, Antonio Basagoiti PPko presidentearen galdera bati erantzunda. Hain zuzen ere, ezker abertzaleak erakundeetan lortutako botereak Gipuzkoako eta Euskadiko garapenean zer-nolako ondorio izango dituen galdetu dio.
Basagoitiren hitzetan, Gipuzkoako Aldundian eta hainbat udaletan gobernatzen dutenen lehentasuna "ETAko presoak, independentzia eta hemen gerra bat izan dela kontatzea" da.
Lehendakariak adierazi du hobe litzatekeela Donostian eta Gipuzkoan gobernu egonkorrak izatea, eta "printzipio demokratikoak eta herrialdearen garapenerako apostu zehatzak" defendatzen dituztenek gobernatzea, hainbat proiektu "kolokan" baitaude. Besteak beste, Pasaiako kanpo portua, Zubietako erraustegia eta EAEko hiru kutxen arteko bat-egite hotza aipatu ditu.
Horren ildotik, Lopezek esan du "irmo" jokatuko dutela Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza diren proiektuak gauzatzeko, tartean abiadura handiko trenaren Gipuzkoako tartea: "Ez da zalantzarik izango, erritmo onean eraikitzen ari dira, eta horrela jarraituko du".
Udalen eta Foru Aldundiaren esku dauden proiektuei dagokienez, lehendakariak nabarmendu du gehienetan Bilduren alternatiba diren gehiengoak badaudela, eta, beraz, akordioak lortzeko dei egin die gainerako alderdiei.