Politika -

Auzitegi Gorena

Javier Garcia Gazteluk 30 urte igaroko ditu kartzelan, gehienez

Auzitegi Gorenak ETAko buruzagi militar ohiaren defentsaren errekurtsoa onartu eta Auzitegi Nazionalak 40 urtetan ezarritako espetxe-zigorra 30era jaitsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Garcia Gaztelu, ''Txapote''ren, gehienezko kartzela-zigorra 30 urtetan ezarri du Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalak joan den irailean emandako epaiaren aurka eta defentsaren errekurtsoa onartuta.

ETAko buruzagi militar izandakoaren defentsak argudiatu zuenenez, 2003an aldatu zuten zigor-kodea ekintza terroristak egitea leporatutako pertsonei gehienezko zigorra 30 urtetatik 40 urtera arte luzatzeko; baina ''Txapote'' aldaketa hori indarrean jarri baino lehen epaitu eta zigortu zuten. Horrenbestez, Auzitegi Gorenak defentsaren helegitea aintzat hartu du eta ''Txapote'', gehienez, 30 urte egongo da preso.

Gaur argitaratutako ebazpenean, Gorenak dio zigorra 30 urtetik 40ra luzatzeko, Auzitegi Nazionalak 7/2003 Lege Organikoa kontuan hartuta egin zuela hori, baina erreforma hori onartu aurretik egindako delituentzat gehienezko zigorra 30 urtekoa dela.

''Txapote''ren kontrako hamar kondenak, guztiak 1995 eta 2002 urteen artean egindako sumarioak, bildu zituen Auzitegi Nazionalak eta gehienezko kartzela-zigorra 40 urtetan ezarri zuen. Hori dela eta, ETAko presoaren defentsak errekurtsoa aurkeztu zuen, Fiskaltzak berak ere babestuta.

Gorenaren arabera, Auzitegi Nazionalak ez zituen delituak egin ziren datak zehaztu, "baina sumarioak noiz idatzi ziren kontuan hartuta (1995.2002) eta delituak, agerikoa denez, 2003a baino lehenago burutu zirenez, zigorraren muga 30 urtetan ezarri behar da".

''Txapote'', besteak beste, Miguel Angel Blanco, Gregorio Ordoñez, Jose Ignacio Iruretagoyena eta Fernando Buesaren hilketetan parte hartu izanagatik zigortu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea