Politika -
Rubalcaba, Bilbon
'Bilduren hitza ahultzen da ETAren desagerpena eskatzen ez duenean'
Barne ministroak baieztatu duenez, "terrore sentsazioa urruntzen ari bada ere, okerrena litzateke terrorismoaren aurkako politika erlaxatzea".
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuaren presidenteordea eta Barne ministroak igande honetan baieztatu duenez, "Bilduren hitza ahultzen da ETAren desagerpena eskatzen ez duen egun bakoitzean". Gainera, Gobernuak "terrorismoaren kontrako politika erlaxatuko ez" duela adierazi du.
Rubalcabak Bilbon egin ditu adierazpen hauek, Euskadiko kide sozialistekin egindako topaketa batean parte hartu baino lehen. Bertan, lehendakaria eta PSEko idazkari orokorra ere izan dira. Azken egunotan alderdiaren oinarriekin bilera-sortak egiten dabil Gobernuaren Presidentziarako hautagai sozialista.
Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen presentzia murriztea proposatu du larunbat honetan Peio Urizar Bilduko bozeramaileak. Horren harian, argi azaldu da Barne ministroa, "botoak ez baldin badituzte eta legeak aldatzen ez baldin badira, erantzuna ezezkoa da".
Halaber, Barne Ministerioaren arduradunak azpimarratu duenez, "Euskadin luzaroan hizpide izan dugun terrore sentsazio hura urruntzen ari bada ere, egun garrantzitsuena da ez huts egitea", hori dela eta, "okerrena litzateke terrorismoaren aurkako politika erlaxatzea".
Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduren esku gera ez zedin, PSEk eta PPk EAJri eskainitako laguntza fruiturik eman ez izana deitoratu du Rubalcabak, honen hitzetan, "beste egoera batean egongo genukeelako".