Politika -
Basagoitiren adierazpenak
Bildu legez kanpo uztea eskatuko du PPk 'aukerarik txikiena' duenean
Gainera, Espainiako bandera euskal erakunde guztietan egotea bermatzeko exijitu dio alderdi popularrak Zapateroren Gobernuari.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak ziurtatu duenez, bere alderdiak Bildu legez kanpo uztea eskatuko du "aukerarik txikiena" ikusten duenean.
Donostiako udaletxean Erregearen argazkia kendu izanaz edota Zarautzen agertu diren ETAko presoen argazkiez mintzatu da Basagoiti COPE irratian egindako elkarrizketa batean. EAEko alderdi popularraren idazkariak horrelako gertakariak jazoko zirela "aurreikusita" zegoela ziurtatu du "Bildu, Batasunak zuzentzen duen indarra onartua izan den neurrian"
"Iskanbila sortuta dago eta ondorioak ordaintzen ari gara dagoeneko", esan du Basagoitik. Hala ere, "ez dugu etsi behar" edota "atsekabetu behar", adierazi du, "terrorismoaren kontrako politika egin behar dugu arlo guztietatik", erantsi du.
"Guk ahal dugun guztia egingo dugu atentatu bakar bat gaitzetsi ez dutenak eta ETAren proiektu totalitarioaren zati bat egiten jarraitzen dutenak erakundeetan egon ez daitezen", azpimarratu du Basagoitik.
Bere betebeharra lehendakariari "terrorismoaren kontrako eta askatasunaren aldeko politika irmoa inoiz baino garrantzitsuagoa" dela gogoraraztea eta exijitzea dela azpimarratu du.
Espainiako bandera euskal erakundeetan
Espainiako bandera euskal erakunde guztietan egotea bermatu dezala exijitu dio Alderdi Popularrak Zapateroren Gobernuari.
"Bilduk Espainiako sinboloen kontra hasitako erasoaren aurrean" sorgor ez egoteko esan dio Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak Zapateroren Exekutiboari eta bandera aldundi eta udaletxe guztietan egon dadin "beharrezko neurriak" hartzeko eskatu dio. "Ofentsiba honek Espainiako konstituzioaren sinboloak berretsi eta defendatzeko" balio behar duela adierazi du Urquijok.