Politika -
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi aukeratu dute berriro
Bilbaok EAJren ordezkarien botoak jaso ditu soilik. Bien bitartean, PSEko eta PPko batzarkideek boto zuria eman dute eta Bilduko ordezkariek Zuriñe Gaintza euren hautagaia babestu dute.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusi aukeratu dute arratsaldean, Batzar Nagusietan. Bozketan ez da ezustekorik izan eta karguan errepikatzeko beharrezko botoak lortu ditu Bilbaok.
Horrela, Bilbaok hirugarren agintaldi bat beteko du jarraian. Legealdian herstura eta departamentu eta goi-kargudunen murrizketak protagonista izango direla iragarri du ahaldun nagusiak.
Bilbaok EAJren ordezkarien botoak (22) jaso ditu bakarrik. Bien bitartean, PSEko (9) eta PPko (8) batzarkideek boto zuria eman dute eta Bilduko ordezkariek (12) Zuriñe Gaintza euren hautagaia babestu dute.
Datozen urteetan aurrekontuak "zorrotzak" izango direla aurreratu du Bilbaok hitzaldian, eta bi departamentu, zazpi zuzendari nagusi, bi entitate publiko eta 25 goi-kargudun desagertuko direla iragarri du.
54 urteko Bilbao 2003an aukeratu zuten aurrenekoz Bizkaiko ahaldun nagusi, eta 2007an berriro hautatu zuten. Hala ere, foru Gobernuko kide izan da 1987az geroztik.
Foru Gobernuaren egitura berria
Aldundiko Gobernuaren egitura berria azaldu du Bilbaok berriz aukeratu ostean. Departamentuak hamar izatetik zortzira pasako dira eta izen berri bakarra uztartu du Bilbaok, izan ere, Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako diputatua izango da.
Kargua zin egin eta gero egin du iragarpena Bilbaok. Patxi Sierra-Sesumagaren Udal Harremanen departamentua desagertu egiten da eta diputatu horrek foru Gobernua utziko du. Era berean, Garraio eta Hirigintza departamentuak Herri-lanetakoarekin bat egingo du.
Foru Gobernuaren osaketa honakoa izango da:
-Presidentetza departamentua: Juan Maria Aburto.
-Hazienda departamentua: Jose Maria Iruarrizaga.
-Gizarte Ekintzako departamentua: Pilar Ardanza.
-Herri-lan eta Garraio departamentua: Itziar Garamendi.
-Nekazaritza departamentua: Irene Pardo.
-Ingurugiro departamentua: Josu Madariaga.
-Kultura departamentua: Josune Ariztondo.
-Ekonomia Sustapenerako departamentua: Imanol Pradales.
Bildu
"Zuek, hainbat hitzaldi iraingarri bota dituzue Zapaterorekin lortu ditugun akordioengatik, jakin beharko zenukete, eta bestela zuen buruzagiei galdetu, EAJri eta alderdiak Zapatero jaunarekin dituen harremanei esker, besteak beste, hemen zaudete gaur, dugun normaltasunarekin", gogorarazi die Bilduko bozeramaileei Bilbaok.
"Nahiko gogorra da zuen buruzagiek denbora eskatzea, eta denbora Zapaterori beste denboraldi bat jasatea da, hau da, Zapaterori denbora gehiago ematearen errudun gara, baina hemen gauzak lasaitasunez egin ahal izateko", adierazi du Bilbaok erantzuteko izan duen txandan.
"Denbora behar da eta denbora gehiago eskatzen jarraitzen digute, zuei (Bildu) denbora gehiago ematen dizuegu, eta baita Zapatero jaunari ere. Gutxienez onar ezazue", esan du.