Politika -
Eztabaida Kongresuan
EAJ, 'azken segundora arte elastikoa izerdiz bustitzeko' prest
"Partida amaitzeko denbora egon ala ez" jeltzaleek eztabaida saihestuko ez dutela esan dio Zapaterori EAJko bozeramaileak Diputatuen Kongresuan.
Erredakzioa
EAJ legealdiko "azken segundora arte elastikoa izerdiz bustitzeko" prest dagoela azaldu du gaur Josu Erkoreka jeltzaleen bozeramaileak. Bestalde, 2012 aurrekontuei buruz "serio hitz egiteko", aldez aurretik 2011n adostutakoa bete behar dela ohartarazi du Erkorekak.
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan hitza hartu duen aurreneko aldian egin ditu adierazpenak Erkorekak. "Partida amaitzeko denbora egon ala ez" jeltzaleek eztabaida saihestuko ez dutela esan dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari EAJko bozeramaileak.
"Askok, algaraz, norgehiagokaren amaiera eskatzen dute, baina diputatuak azken segundora arte elastikoa izerdiz bustitzeko aukeratu gaituzte. Eta partidaren amaiera agintzen duten arauzko hiru txistuak entzun bitartean, EAJko hautetsiek gure eserlekuetan jarraituko dugu, botak jarrita", azpimarratu du Erkorekak.
Gobernuak eta talde sozialistak 2011ko aurrekontuak babesteko orduan EAJrekin lortutako akordioak betetzea espero dute jeltzaleek, "orain arte" egin bezala.
Adostutakoa "legezkoa da" eta "partidaren zati bat jokatzeke dago oraindik", ondorioz, EAJ ez da 2012ko aurrekontuak eztabaidatzeko eseriko, akordio horiek bete bitartean, jeltzaleen bozeramailearen ahotan.