Politika -
Gabonetako brindisa
'Elkarrizketarako' 2020 baten alde topa egin du Chivitek
Eguberriak zoriontzeko brindisa egin du Nafarroako Gobernuko presidenteak. “Gobernuak abiatutako elkarrizketa bidean” Foru Exekutiboa “prest” dagoela azpimarratu nahi izan du agintariak.
Agentzia | Erredakzioa
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta kontseilari batzuek komunikabideetako profesionalekin topa egin dute ostiral honetan. Hedabideen "esanetara" jarri da Foru Exekutiboak abiatutako "elkarrizketa bide" horretan, esparru ezberdinetan.
Informazio politiko eta instituzionalaren berri ematen duten kazetariekin Gobernuak egin ohi duen Gabonetako brindisean egin ditu adierazpenak buruzagiak. Nafarroan lanean ari diren profesional ugari izan dira ekitaldian. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidente eta bozeramaileak eta Ana Ollo, Carlos Gimeno, Juan Cruz Cigudosa, Jose Maria Aierdi eta Eduardo Santos kontseilariek ere parte hartu dute.
Era berean, Pablo Roncal Foru Exekutiboko Komunikazio zuzendari nagusiak, kabineteko buruzagi batzuek eta Komunikazio zerbitzuko langileek, besteak beste, topa egin dute.
Eguberriak zoriontzeko aprobetxatu du Chivitek. "2020an bizitzan hobetzeko aukerak eta lana ez faltatzea", opa die Nafarroako presidenteak guztiei. Kazetarien "lana eta interesa" eskertu du agintariak.
"Ahal den neurrian komunikazio eskaria asebetetzen saiatu gara, Gobernuaren beraren denborak egokituz", adierazi du Chivitek. "Gure sistema demokratikoaren funtsezko zutabe bat zarete", onartu du agintariak, gizarteari "benetako informazioa" helarazteko.
Gainera, "beti bezala, Gobernuak abiatutako elkarrizketa bide horretan zuen esanetara gaude, ez bakarrik talde parlamentarioen, baita entitateen, elkarteen eta, nola ez, komunikabideen eskura ere", esan du cavarekin topa egin baino lehen.