Politika -
Ustelkeria
EAJk eta PSEk baztertu egin dute De Miguel auziari buruz premiazko eztabaida egitea
Ustelkeriaren aurkako neurri zehatzak "ahalik eta azkarren" onartzeko beharra nabarmendu du EH Bilduko Maddalen Iriartek, baina EAJk ez duela "inolako presarik" kritikatu du.
Agentziak | Erredakzioa
De Miguel auziaren epaiaren harira, ustelkeriari aurre egiteko EH Bilduk aurkeztutako proposamenak premiaz eztabaidatzeko eskaera atzera bota du gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, eta, ondorioz, ez dute Diputazio Iraunkorra deituko urtarrilean.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak kazetarien aurrean azaldu duenez, proposamen hori EAJ eta PSE-EEko legebiltzarkideek baztertu dute, gai horri buruz eztabaidatzea ez dela presazkoa iritzita.
"Ustelkeria politikoaren kontra inoiz eman den ebazpenik gogorrena ezagutu berri dugu, baina EAJk uste du ez dela premiazkoa ustelkeria politikoari buruz eztabaidatzea", esan du Iriartek.
Ildo horretatik, ustelkeriaren aurkako neurri zehatzak "ahalik eta azkarren" onartzeko beharra nabarmendu du Iriartek, baina EAJk ez duela "inolako presarik" kritikatu du, "ez zaiolako interesatzen".
"Non dago EAJren gardentasunaren aldeko hautua? Euskal jendarteak ekintzak, egitateak, eskatzen ditu. Ez da aski EAJk barkamena eskatzea. Neurriak lehenbailehen hartu behar dira, eta herri honetarako eskatzen duguna zera da: ustelkeria politikoarekin tolerantzia zero. Eta horretarako, aurrerapausoak eman behar dira", berretsi du koalizio abertzaleko bozeramaileak. Dena dela, Andoni Ortuzarren alderdiak "ustelkeria eteteko inolako interesik ez" duela iritzi dio.
Horrenbestez, Legebiltzarrak ez du otsailera arte eztabaidatuko EH Bilduk ustelkeriaren kontra aurkeztu dituen bi proposamenak.