Politika -

Europako Kultur Hiriburua

Donostiaren izendapenaren inguruko polemika Bruselaraino heldu da

2016ko Europako Kultur Hiribuaren izendapena berriro aztertzeko eskatuko duela adierazi du Juan Alberto Belloch Zaragozako alkateak.

Belloch, Zaragozako alkatea. Argazkia: EFE
Belloch, Zaragozako alkatea. Argazkia: EFE
Europak Donostiaren izendapena defendatu du

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izendapenaren polemika Bruselaraino heldu da. Europako Batzordeak adierazi du Europako Kultur hiriburua hautatzeko prozesua "nazioarteko adituek" egin dutela eta "ezarritako prozesuari jarraitu" diotela.

"Elkarbizitzarako kultura" leloaren inguruan galdetu diote kazetariek Europako Batzordeko ordezkariari albistearen inguruan eman duen prentsaurrekoan, eta "indarkeria eza ere kontuan hartu dute", izan da horren erantzuna.

Donostiak Europako Kultur hiriburu izatea "merezi" zuela azpimarratu du Bruselak, eta hautaketa "nazioarteko aditu independenteek" eta "ezarritako prozesuari jarraituz" egin dutela azaldu du.

Bellochek Donostiaren hautaketa berriro aztertzea eskatuko du

Juan Alberto Belloch Zaragozako alkateak prentsaurrekoan adierazi du nazioarteko epaimahaiak 2016an Donostia Europako Kultur hiriburu izenda dezan egindako proposamena ez onartzeko eskatuko diola Kultura Ministerioari.

Bellochek azaldu duenez, epaimahaiko presidenteak "modu esplizituan" esan zuen bake prozesua bultzatzeko irizpidea hautaketa egiteko "erabakigarria" izan zela.

Horrek, Zaragozako alkatearen esanetan, "urratu" egiten du hautagai izan nahi duten hirien proposamena erregulatzen duen araudia; izan ere, "irizpide politikoa ez da irizpide bezala jasotzen".

Epaimahaiko batzordeak "irizpide politikoak" ukatu ditu

Enrique Cabero epaimahaiko kideak adierazi du Donostia "askatasunez" hautatu zutela eta izendapenak ez duela inolako "irizpide politikorik" izan gaineratu du.

Caberok azpimarratu duenez, "batzordeak ez du inolako irizpide politikorik izan" bere erabakia hartzerakoan, eta "hautagaitzaren oinarriak eta arauak" bakarrik izan dituztela kontuan erantsi du.

Izagirre: "Elkarlanean gauzak oso ondo egin daitezke"

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ziurtatu du Donostia 2016an Europako Kultur hiriburu izendatzea lortu duen proiektuarekin argi geratu dela "guztiok batera" eta "ezberdintasunak alde batera utzita, gauzak oso ondo" egin daitezkeela.

Halaber, "norgehiagokaren dialektikan" sartzea baztertu du, bere Udal Gobernuaren apustua "hain justu kontrakoa" dela argudiatuz; hau da, "biltzekoa".

Blanca Urgell: "Proiektu handi batekin irabazi da"

Blanca Urgell Kultura sailburuak, berriz, lan "asko eta ondo" egin dela azpimarratu du, eta "proiektu handi" bati esker irabazi dela.

Sailburuaren arabera, "mimoz eta profesionaltasunez" egindako proiektua da hau, eta hori "bestelako edozein egoerari gailendu" zaiola adierazi du. Batez ere, "instituzionala eta hiritarra" izan da, gaineratu du.

Urgellen hitzetan, Europako Kultur hiriburu izendapena "guztiona" da, hori baita horren "indar nagusia", eta Eusko Jaurlaritzak proiektuarekin duen konpromisoa berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea