Politika -

Elkarrizketa

Azpiazu: 'EAJren eta PSOEren arteko harremana ondo ainguratuta dago aspaldidanik'

Ogasun eta Ekonomia sailburua pozik agertu da Pedro Sanchezen inbestidura aurrera atera daitekeelako. Bestalde, EAEn inbertsioa handitzeko gastuaren arau fiskala kentzeko eskatu du.

Pedro Azpiazu Radio Euskadiko platoan. Argazkia: Radio Euskadi
Pedro Azpiazu
Pedro Azpiazu Radio Euskadiko platoan. Argazkia: Radio Euskadi

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua pozik agertu da PSOEren eta EAJren akordioarekin, Pedro Sanchezen inbestidurari begira. "Bi alderdien arteko harremana aspalditik dago ondo ainguratuta", adierazi du Azpiazuk, "Madrili egonkortasuna emateak akordioa indartzen" duela iritzita. Azpiazuk azpimarratu duenez, "erretiro-pentsioak eta finantzaketa autonomikoa bezalako neurri askok gobernu bat behar dute", eta "stand by egoerak" EAEn ere aurrerapenak zaildu ditu.

"Aurrekontua berez da ona, oso zaila da atzera botatzea". Elkarrekin Podemosekin aurrekontuak onartzearen harira, berriz, Azpiazuk koherentzia falta ukatu egin du PPrekin lehenik eta ezkerrarekin ondoren akordioak adosteagatik. "Ez digu inolako eragozpen ekonomikorik ekarri", adierazi du sailburuak. "Konpromisoa 2020rako bakarrik da, baina Elkarrekin Podemosekin kontuen bidez lotuta egoteak garrantzi politikoa du". Lander Martinez buru duen alderdiarekin hitzartutako politiken ondorioz berdintasun eta ingurumen politikak indartu direla aitortu du Azpiazuk.

"Ez dut ukatzen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan iruzurra edo maltzurkeria ez dagoenik", adierazi du Azpiazuk, "baina kopuru txiki batengatik ezin da sistema edo jasotzaileak deabrutu". "Gizarte kohesionatu batek hazkunde ekonomiko handiagoa ahalbidetzen du", nabarmendu du. Azpiazuk EAEko inbertsio soziala izan du hizpide: "prestazio sozialetan Europatik Espainiatik baino gertuago gaude".

Azpiazuren esanetan, "izugarrizko erronka" izango da datozen urteetan administrazio publikoko langileak berritzea, "prestakuntza eta berregokitze erronka ekarriko baitu". LEPen eskaera handiak patronalari traba egiten diola eta, Azpiazuk enpresaburuen azterketa horri erantzun dio, "mundu guztiak langile onenak edukitzeko borrokatu behar duela" defendatuz.

"Ez zaigu maniobrarako tarterik geratzen". EAEko zorra 9.433 milioi eurokoa da, EAEko BPGaren % 12,3, "Espainiako batez bestekoa % 24 den bitartean". Hala ere, gastu arauak inbertsio publikorako dakarren "muga" gogorarazi eta "arazoa bat dela" gogoratu du. Superabita duten autonomia-erkidegoetako gastuaren arau fiskala kentzeko eskatu du. "Eskuetatik kentzen digute euskal zorra", azaldu du Azpiazuk, bonu jasangarrien salmentaren inguruan; "Espainiak baino 'rating' garrantzitsu eta handiagoa dugu, zor ona da interesatzen zaiguna". Ildo horretan, 500-600 milioi euroko bonuak ateratzen jarraituko dutela iragarri du.

2012. urtearen amaierara arte kupoaren inguruko akordioa dagoela gogorarazi du, "hortik aurrera, ikusiko dugu, baina eroso gaude, eta finantzarioki makal".

Bestalde, urtarrilaren 30eko grebari begira, "greba egiteko arrazoi ekonomikorik edo politikorik ez dagoela" esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eguneko albisteak Albisteak