Politika -

Nazioaren egoera

EAJk trenbideen eskumena eta Loiuko aireportua handitzea eskatu du

Aldirietako eta erregionaletako zerbitzuak interes orokorreko saretik atera nahi dituzte horrela, izan ere, eskari horixe jaso zuten aurrekontuak onartzeko akordioan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk "interes lokala soilik" duen trenbide sarearen azpiegituren eskumena eta Bilboko aireportua handitzeko bermeak eskatu ditu estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ondoren aurkeztutako ebazpenean.

Aitor Esteban diputatu jeltzaleak prentsaurrekoa eman du bere alderdiak aurkeztu dituen eskarien berri emateko. PSOEren aldetik harrera ona izango dutela espero du, izan ere, euskal azpiegiturekiko eta proiektu estrategikoekiko apustua erakusten omen dute.

Hori horrela, trenbide sarearen gaineko eskumena eskatu dute, aldirietako eta erregionaletako zerbitzuak interes orokorreko saretik atera nahi baitituzte, izan ere, eskari horixe jaso zuten 2011ko aurrekontuak onartzeko akordioan.

Era berean, hilabeteko epean Trenbideen Sektoreko Legea aldatzea exijitu du EAJk, bidaiarien garraioa liberalizatzeko, "aldirietan eta erregionaletan" behintzat, Renfe ez den beste operadore batzuek "linea orokorretatik zirkulatu ahal dezaten".

EAEn hiru dira EAJrentzat proiektu "estrategikoak": Atalntikoko Trenbide Sarea, Bilboko aireportua eta AHTren Donostiako geltokia Tabakalerarekin lotzea.

Trenbide Sareari dagokionez, irailaren 15eko epemuga jarri du EAJk Gobernuak plan teknikoa aurkez dezan. Loiuko aireportuari dagokionez, inbertsioa zehaztea nahi dute 2012ko aurrekontuak aurkeztu baino lehen.

"Atotxa-Tabakalera" proiekturako, berriz, hiru hilabeteko epea eman diote Gobernuari nazioarteko ideien lehiaketa deitzeko.

I+G+Bri buruzko hiru mozio ere sartu dituzte ebazpenean, 2012ko aurrekontuetan 2011n adina inbertsio aurreikusteko alor horretan eta Finantza Funts Estrategikoen sorrera eskatzeko.

Bestalde, Defentsa Ministerioari armen erosketan eta militar alorreko ikerketan eta garapenean egiten diren inbertsioei buruz gardentasuna eskatu diote.

Enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta makina eta erreminta sektoreari bideratutako beste hiru mozio ere sartu dituzte.

Gizarte alorrean, babesik gabe dauden adin txikikoak banatzeko sisteman aldaketak egin nahi dituzte, biztanleen arabera bana ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea