Politika -
Adierazpenak
Alderdien adierazpenak, lehendakariaren urte amaierako mezuaren aurrean
Hitzaldia "edukiz hutsa" izan dela iritzi dio EH Bilduk, eta Elkarrekin Podemosek txalotu egin du lehendakariak akordioetan "sakontzeko" eta "batzeko" egindako deia.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren urte amaierako mezuak ohiko erreakzio sorta ekarri du berekin batera Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien aldetik.
Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du "jakina" dela "akordioak lortzeko ez dela nahiko borondatea, proiektu politikoak aurrera eramateko baldintza berdintasuna ere behar baita".
Joseba Egibarrek, gainera, uste du baldintza horiekin irits litekeela "adostasuna edo akordioa".
Erantsi duenez, "horretarako oinarrizkoa da lehendakariak gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula erakustea".
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak kritikatu du hitzaldia "edukiz hutsa" izan dela; eta autogobernu alorrean, salatu du EAJk ezin duela saldu "desberdinen arteko akordio gisa aldebakarreko lagapena" dena.
Kazetariei egindako adierazpenetan, Casanovak azpimarratu du Urkulluk ez duela "benetan desberdinen arteko akordioaren alde" egin autogobernuari dagokionez, zeren EH Bilduk "ehuneko ehunean babesten" baitu "desberdinen arteko akordioa", "bien lagapena" ekarriko lukeelako.
Adierazi duenez, EH Bilduk jakin egin nahiko luke zeri egin dieten uko PSOEk eta Elkarrekin Podemosek, eta zertan egin duten aurrera alderdi horiek Autogobernu Lantaldeko adituen txostenean.
Yachov Ruiz Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak txalotu egin du lehendakariak akordioetan "sakontzeko" eta "batzeko" egindako deia, eta azpimarratu du 2019an "agerian" geratu dela "elkarrizketa eta akordioa oinarrizkoak direla gizarteak aurrera egin dezan", eta "eskubideak babesteko eta handitzeko".
Elkarrekin Podemosen legebiltzarkideak begi onez jo du adierazpen hori, baina kezka agertu du lehendakariak "indibidualtasunari egiten diolako erreferentzia erronkei eta oztopoei aurre egiteko garaian".
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak esan du 2020an "berretsi" egingo dutela "aniztasunarekiko errespetuaren eredua", eta sozialistak direla euskal herritarren eskubide sozialak "bermatuta" egon daitezen "segurtasun sarea".
Lehendakariaren urte amaierako mezua entzun ostean, PSE-EEk "akordioak munduari irekia" duen ikuspegiarekin egitearen alde egin du, "inor bazterrean utzi gabe".
Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiaren esanetan, Iñigo Urkullu lehendakariaren urte amaierako hitzaldia "zinismo politikoaren" ariketa izan da, "ez baita posible Gernikako Estatutuari eta batzen gaituena nabarmentzeko beharrari dei egitea, euskal independentismoak, EAJk gidatuta, Gernikako Estatutua hautsi eta EAEn haustura prozesu bat garatu nahi duenean".
"Are gutxiago, atzo bertan EAJk Pedro Sanchez presidentearen printzipio falta baliatu zuenean Gernikako Estatutuaren likidazioaren oinarriak ezartzeko", gaineratu du, lehendakariaren urte amaierako mezuaren balorazioan.