Politika -

Eztabaidaren lehen eguna

EAJk Sanchezi babesa 'ondorio guztiekin' emango dio

"Gure akordioan zerrendatutako erronkei erantzun bat eman nahi baldin badiegu, egonkortasuna beharrezkoa da", aldarrikatu du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak.

Aitor Esteban EAJko bozeramailea Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo
Aitor Esteban EAJko bozeramailea Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo
EAJk elkarlan leiala eta zintzoa eskaini dio Sanchezi

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez hautagaiari babesa "ondorio guztiekin" emango diotela ziurtatu du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak Diputatuen Kongresuan. Ondorioz, "konpromisoa ez da inbestiduran bukatzen", egonkortasuna eta "gutxieneko sendotasun" bat duen Espainiako Gobernua beharrezkoak direlako.

Estebanek Pedro Sanchez presidentegai sozialistaren inbestidura eztabaidan egin ditu adierazpenak. Sei diputatu jeltzaleek aldeko botoa emango diote "erantzukizunagatik", "salbuespeneko keinu" gisa herrialdeko inguruabarrengatik.

"Gure akordioan zerrendatutako erronkei erantzun bat eman nahi baldin badiegu, egonkortasuna beharrezkoa da", aldarrikatu du jeltzaleak.

EAJ akordioetara heltzeko prest dagoela azaldu du, baina funtzionamendua "irentsi beharreko legediak" onartzea ez baldin bada, hau da, "gobernagarritasun krisi bat ez eragiteko" jeltzaleak lege-proiektuak babesteko aukeran jartzea, nahiz eta ados ez egon.

"Gobernu egitura osatuko duten bi bazkideek horrela ulertzea espero dut", esan du, "legealdia zuzen garatzeko" funtzionamenduari dagokionez.

Bozeramaile jeltzalearen ahotan, "iraganari, botere faktikoei eta immobilismoari begira dagoen herri bat izateari uzteko" aukera paregabea du Gobernu zentral berriak. Zentzu horretan, "oraindik esploratu ez diren ateak zabaltzeko ausardia nahikoa izatea" eskatu dio presidentegaiari.

"Presio mediatikoek eta ekonomikoek ez diote erraz jarriko"

Hala ere, "presio mediatikoek eta ekonomikoek ez diote erraz jarriko", onartu du.

Sanchezen inbestidura aurrera ateratzea "guztiak" zoriontzeko modukoa dela uste du Estebanek, baita kontrako botoa emango dutenak ere, "erakundeetan behin-behinekotasun etengabea baino egoera okerragorik ez dagoelako", "paralisia" suposatzen duelako.

Zentzu horretan, koalizio Gobernua "paradigma" aldaketa dela nabarmendu du EAJko ordezkariak. Baina eskuinek "iragarri duten anabasik" ez da izango, "ezta gutxiago ere", erantsi duenez. "Balio duen Estatu eredu bakarra" eurena dela pentsatzea aurpegiratu die eskuinei.

Pablo Casado PPko buruzagiaren hitzaldia "gerra zibilaren" aldekoa izan dela ziurtatu du Estebanek, ez mailako politikari batena. Jeltzalearen hitzetan, eskuinak Estatu senaz eta herriarenganako maitasunaz hitz egiten du, baina "inbestidura blokeatzea erabaki du behin eta berriro".

"Egiturazko arazo handiei aurre egin nahi baldin badiete, ez bakarrik lurraldetasunari", "ezberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa da", azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.

"Politika judizializatzeari uzteko" eskatu du, eta Hauteskunde-batzorde Zentralaren azken erabakiak gogorarazi ditu, Estebanen ahotan, ez dituen eskumenak bere gain hartu dituelako.

Estebanen arabera, lurraldetasun krisia konpontzeko "herritarren artean sentimendu nazional ezberdinak daudela onartzea" beharrezkoa da. "Legeari aldatu ezin daitekeen gauza bezala aldarrikatzeak arazoa eta ezegonkortasuna areagotzen ditu", beraz, bide bakarra "elkarrizketa eta akordioa" dira.

Inbestidura eztabaidaren lehen eguna 21:30 aldera bukatu da, 12 ordu baino gehiagoko saio baten ondoren. EAJren txanda amaitu ondoren, osoko bilkurak igande honetan 09:00etan jarraituko duela iragarri du Meritxell Batet Kongresuko presidenteak. EH Bilduk hartuko du hitza, ondoren talde mistoko (CUP, Navarra Suma eta Foro) ordezkariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak