Politika -

PRESOAK

Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten taldeekin bilera erronda abiatuko du Sarek

Presoen gaia agendaren erdigunean kokatzeko 'jarrera proaktiboa' eskatu die Sarek euskal alderdiei.

Bilbon atzo egindako manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EFE.
Bilbon atzo egindako manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EFE.
Espainiako talde parlamentarioekin bilera-sortari ekingo dio Sarek

1:02

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak Bilbon eta Baionan espetxe politika aldatzea eskatu eta biharamunean, euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak aurrera begira dituen erronken berri eman du hedabideen aurrean.

Atzoko mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrei, boluntarioei eta eragileei eskerrak eman ondoren,  Arantza Aldezabal Sareko eledunak iragarri du Espainiako Gobernu berria eratzen denean, bilera erronda abiatuko dutela Madrilen ordezkaritza duten eta "harrera egiteko prest" dauden talde guztiekin. Horiei euskal presoen egoerari  buruzko txostena helaraziko zaie, eta helburua euskal presoen auzia agendaren erdigunean kokatzea dela esan du plataformako bozeramaileak.

"Gure helburua Madrilen ordezkaritza duten alderdiak informatu ahal izatea da, baina baita jarrera pro-aktibo bat eskatzea ere, giza eskubideek, esparru horretan, ahaztutako zerbait izateari utz diezaioten, eta alderdi eta talde parlamentarioen agendetan sar dadin",  adierazi du.

Halaber, presoek bizi duten egoera nazioartera helaraztea da Sarek mahai gainean duen beste lan-ildo nagusietako bat. Horretarako, Aldezabalek aurreratu duenez, gatazka egoeratan gertatzen diren giza eskubideen urraketen inguruko nazioarteko kongresu bat antolatzea aztertzen ari dira, beste hainbat erakunderekin elkarlanean.

Rosa Roderok, Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alargunak, eta Axun Lasak, Joxean Zabala GALeko biktimaren arrebak, Bilboko manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuko hitzak ekarri ditu gogora Sareko ordezkariek. Horren hitzetan, giza eskubideen errespetua ezinbesteko urratsa da bizikidetzan sakontzeko, "giza eskubideen bermerik gabe ez baitago elkarbizitza eraikitzerik". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Presoak EH Bildu PSE-EE Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa