Politika -

Goi-bilera

Torrak autodeterminazioa eta errepresioa amaitzea eskatuko dio Sanchezi

Horixe adostu dute independentista kataluniarrek. CUPek eta ANCk, berriz, "eszeptizismoa" agertu dute, eta JxCatek "zuhurtziaz" ekingo dio aldebiko elkarrizketari.

Kataluniako independentisten goi-bilera, Bartzelonan. Argazkia: Efe
Kataluniako independentisten goi-bilera, Bartzelonan. Argazkia: Efe
Kataluniako independentisten goi-bilera, Bartzelonan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako alderdi eta erakunde independentistek desadostasun estrategikoak agertu dituzte Quim Torra presidenteak antolatutako goi-bileran, baina adostasunera iritsi dira Espainiako Gobernuari autodeterminaziorako eskubidea eta "errepresioaren amaiera" eskatzeko.

Generalitateko Jauregian egindako bilerak bi ordu iraun du, eta Torrak deitu du denen artean aldarrikapenak adosteko, Pedro Sanchezen Gobernuarekin, Kataluniako gatazkari irtenbidea emateko, abiatuko duen aldebiko negoziazio prozesuari begira.

Gutxieneko akordioaren arabera, Kataluniako Gobernuak autodeterminazioa eta "errepresioaren amaiera" defendatzera joan behar du Sanchezen negoziazio mahaira. Baina CUPek eta ANCk "eszeptizismoa" agertu dute, eta JxCatek "zuhurtziaz" ekingo omen dio aldebiko elkarrizketari.

Torra buru izan duen bileran parte hartu dute Pere Aragones presidenteordeak, Meritxell Budo Presidentzia kontseilariak eta alderdi eta erakundeetako ordezkariek: Marta Vilalta eta Josep Maria Jove (ERC), Elsa Artadi eta Albert Batet (JxCat), Carles Riera eta Maria Rovira (CUP), Marcel Mauri eta Jordi Bosch (Omnium), eta Josep Cruanyes eta Aria Baye (ANC).

Batzarrean parte hartu du, bideokonferentziaz, Antoni Comin eurodiputatuak ere, Errepublikaren aldeko Kontseiluko ordezkari ezagunenak.

Bileran dokumenturik idatzi ez badute ere, Budok esan du Torrak alderdien eta erakundeen "babesa" jaso duela Sanchezen aurrean autodeterminazioa eta "errepresioaren amaiera" defendatzeko, parte-hartzaileen "adostasuna" jaso duten gaiak direlako.

Torraren eta Sanchezen arteko bilera "berehala" izanez gero, Generalitatearen presidenteak "independentismoaren aktore guztien adostasuna du autodeterminazioa eta errepresioaren amaiera aldarrikatzeko", Budok azaldu duenez.

Kontseilariak gaineratu du independentisten arteko elkarrizketei eutsiko dietela, eta datozen batzarretan gobernuen mahaiaren "edukiak", "baldintzak" eta "bermeak" adostu beharko dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatearen albisteak