Politika -
Elkarrizketa
Matute: 'Neurri sozialekin aurrekontuen negoziazioari heldu ahalko diogu'
Bestalde, espetxe politika aldatzeko "lan diskretua" eskatu dio EH Bilduko diputatuak Jaurlaritzari. "PSE-EEren iritzia ezagutu gabe egitasmo baten berri emateak presioa areagotzen du", erantsi du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
"Larunbateko manifestazioaren ondotik gobernuek neurriak hartzea ondo dago", esan du Oskar Matute EH Bilduko diputatuak Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' irratsaioan. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak presoak hurbiltzeko aurkeztu berri duen plana mintzagai izan du koalizioko diputatuak. "Lehen fase batean lan diskretua beharrezkoa da. PSE-EEren iritzia ezagutu barik egitasmoaren berri emateak presioa areagotzen du, batzuek erabakia polemiko bezala aurkeztu nahi dutelako", kritikatu du. Hurbiltzeaz gain, gaixorik dauden presoak askatzea eta gradu aldaketak eskatu ditu Matutek: "Amaiera logikoena askatasuna litzateke, antzeko beste prozesu batzuetan gertatu bezala, Irlanda esaterako".
Bestalde, Sanchezen aurrekontuak baldintzarik gabe babestea baztertu du Matutek. Zentzu horretan, "neurri sozial sorta" aldarrikatu du koalizioko ordezkariak, besteak beste, "pentsioen igoera, eta jendearen baldintzak hobetzen dituzten legeak". Diputatuaren ahotan, neurri horiek jasotzen baldin badituzte, EH Bilduk "negoziazioari helduko dio".
Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusi izendatzea "etikoki garbiena" ez dela onartu du Matutek, baina balorazio bat egiteko denbora emango dio: "justiziak interes politikoen zerbitzura egoteari utzi behar dio".
Maria Gamez Guardia Zibilaren zuzendari izendatzea esanguratsua ez dela uste du EH Bilduko diputatuak: "Guardia Zibila nork zuzendu bigarren mailakoa iruditzen zait. Emakumea izatea berdin zait. Funtzionamendu militarraren logika du. Lurraldearen espainiartasuna gogorarazteko Euskal Herrian jarraitzeak kezkatzen nau".
Azkenik, Matuteren hitzetan, Nafarroako Foru Berriaren aurkako helegitearekin Ministroen Kontseiluak abiatutako "bidea konfrontaziora" doa.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.