Politika -

40. urteurrena

Aldana tabernako atentatuko biktimak omenduko dituzte gaur Alonsotegin

Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Alonsotegiko San Bartolome elizan, eta, ordu erdi geroago, lore-eskaintza egingo dute biktimen omenezko muralaren aurrean.

Lore-eskaintza Alonsotegin. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia.
Lore eskaintza Alonsotegin.
Lore-eskaintza Alonsotegin. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alonsotegiko (Bizkaia) Aldana tabernako atentatuan izandako biktimak gogoratuko dituzte gaur, astelehena, 40. urteurrenean. Ekitaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria izango da.

1980ko urtarrilaren 20an egin zuten atentatua, Aldana tabernan, eta Alonsotegiko Udalak 40 urte beteko diren egun berean egingo die omenaldia bertan hildakoei. Espainiar Talde Armatuak bere gain hartu zuen atentatua. Bonba bat jarri zuen, eta lau pertsona hil eta hamar zauritu zituzten.

Udalak azaldu duenez, ekitaldia 19:00etan hasiko da, Alonsotegiko San Bartolome elizan, eta, ordu erdi geroago, lore-eskaintza egingo dute biktimen omenezko muralaren aurrean.

Ekitaldian, besteak beste, hauek izango dira: Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Joseba Urbieta Alonsotegiko alkatea. Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ere bertan izango dela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak