Politika -
'De Miguel auzia'
Arabako Fiskaltzak 'De Miguel auzia'ren zigorrak handitzeko eskatu dio Gorenekoari
Koakzio delituagatik zigortzeko oinarria badagoela uste du, nahiz eta auzitegiak absoluzioa eman zien kasu horretan.
agentziak | erredakzioa
Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiak Auzitegi Goreneko Fiskaltzari eskatu dio kasazio helegitea aurkez dezala 'De Miguel auzia'ren zigorrak luzatzeko, koakzio delitua egozteko oinarria badagoela iritzita.
Arabako Lurralde Auzitegiak 13 urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Alfredo de Migueli, EAJren Arabako bigarren eta foru diputatu izandakoari, prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta beste delitu batzuk leporatuta.
Auzitegiak, halere, absolbitu egin zituen Ainhoa Alberdiren aurkako koakzio kasuan. Alberdi izan zen, hain zuzen ere, 'De Miguel auzia' salatu zuen lehena, De Miguelek 100.000 euroko komisioa eskatu zionean.
Izaguirreren eskaera jasota, Auzitegi Goreneko fiskalak izango dira koakzio delituen absoluzioaren aurkako helegitea jarri edo ez erabakiko dutenak, diarionorte.es-ek jakinarazi duenez.
Goreneko Fiskaltzak Izaguirreren nahia betetzen ez badu ere, ziurra da auzitegiak zigorrak berrikusiko dituela, auzipetu nagusiek kasazio helegitea aurkeztuko dutela iragarri baitute.