Politika -
Arabako Batzar Nagusiak
Hasi da Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko saioa
Ezustekorik ez badago, Javier de Andres izango da gaurtik aurrera Arabako diputatu nagusi berria; izan ere, EBk botoa bere hautagaiari emango dio eta, beraz, ez du Xabier Agirre (EAJ) babestuko.
Erredakzioa
Arabako Ezker Batuko militanteek euren hautagaia, Nerea Galvez, babestea erabaki zuten atzo egindako erreferendumean. Horrenbestez, Xabier Agirrek (EAJ) ez ditu EBko bi batzarkideen botoak jasoko eta, azkenean, Javier de Andres (PP) aukeratuko dute Arabako diputatu nagusi.
Alderdi Popularrak 16 batzarkide ditu eta PSEko 9 ordezkarien babesa bermatuta dauka. Gauzak horrela, De Andresek 25 boto izango ditu eta gehiengo sinplearekin, bigarren bozketan, Arabako ahaldun nagusi aukeratuko dute.
EAJk, berriz, 13 batzarkide ditu eta Bilduren 11 batzarkideek botoa Xabier Agirreri emango ziotela iragarri zutenez, EAJren hautagaiak 24 bozka izango ditu. Agirrek Ezker Batuko bi ordezkarien botoak behar ditu Arabako ahaldun nagusi izateko, baina EBko militanteek atzo erabaki zutenaren arabera, ez da horrelakorik gertatuko.