Politika -

Euskara erabilera dekretua

PPk eta Voxek helegitea jarri diote Udaletan euskara erabiltzearen aldeko dekretuari

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk azpimarratu dute dekretua legezkoa dela, eta "euskaren kontrako eraso honekin" Voxek liskarra sortu nahi duela salatu dute.

Voxek "hizkuntza bidegabekeria" ikusten du dekretu honetan. Argazkia: EiTB.
Voxek "hizkuntza bidegabekeria" ikusten du dekretu honetan.
Voxek "hizkuntza bidegabekeria" ikusten du dekretu honetan. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Voxek helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, Udalek beren barne eta kanpo harremanetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurka. PPk iragarri du bide beretik jarraituko duela.

Voxen kasuan, helegitea astearte honetan jarri zuten, "Estatuak indar sezesionistei aurre ez egiteagatik". Hala azaldu dute Macarena Olona Vox taldeko idazkari nagusiak eta Ivan Espinosa de los Monteros Parlamentuko bozeramaileak Kongresuan emandako prentsaurrekoan.

Euskadiko PPk behin baino gehiagotan egin izan du dekretu horren aurka eta Iñigo Urkulluren exekutiboari hura erretiratzeko eskatu izan dio. Oraingoan, are urrunago joan eta EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztuko duela iragarri du sare sozialen bidez.

Popularren iritziz, dekretuak autonomia erkidegoko "bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan komunikatzeko eskubidea zapaltzen du", eta "administrazioak eskubide hura babesteko betebeharra duela" gogorarazi dute. "EAJk mespretxuz jokatzen du euskaldunekiko", gaineratu du Euskadiko PPk Twitterren.

Voxen aburuz, dekretu horrek "hizkuntza bidegabekeria" eta bizilagunen "bereizketa" islatzen du, eta, gainera, gaztelania herritarren komunikaziotik kentzen du.

Jaurlaritza, EH Bildu eta Podemos, dekretuaren defentsan

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du udaletxeetan euskararen eta gazteleraren erabilera arautzeko dekretua legezkoa dela, eta Voxen estrategiaren bidetik ez jarraitzeko eskatu dio PPri, ultraeskuinaren "helburu bakarra liskarra sortzea" delako.

Erkoreka harrituta agertu da PPk eta Voxek iragarritako helegiteen harira: "Alde batetik, urte luzeetan egindako lanaren ondorioz lortutako itunak zalantzan jartzen dituztelako, eta bestetik, euskararen normalizazioan eman diren aurrerapenak ere zalantzan ipintzen dituztelako". "Badirudi gaindituta geneuzkan eztabaidak berriri ireki nahi dituztela", kritikatu du.

EH Bilduk salatu du helegite horiek "euskararen aurkako eraso zuzena" direla, eta estrategia horren helburua "Estatuak abiatutako zentralizazio prozesuan aurrera egitea" dela ohartarazi du.  

Rebeca Ubera legebiltzarkideak azaldu du dekretu horrek EH Bilduk eta EAJk adostu zuten Udal Legea duela oinarri eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, "euskal hiztunena nahiz gazteleraz aritzen direnena".

Bestalde, Ahal Duguk azpimarratu du euskara eta haren normalizazioa esparru guztietan babestuko dituela. Lander Martinezek sare sozialetan idatzi duenez, Ahal Duguk aurre egingo die euskararen aurka egiten dutenei. "Euskara arma politikotzat erabili nahi dute eta horretarako gezurrak esaten dituzte", salatu du PPri eta Voxi aipu eginez.  

Euskararen erabilerari buruzko dekretua

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak azaroaren 19an onartutako dekretu honek ezartzen du udalek erabaki ahal izango dutela nola ordenatu euskararen eta gaztelaniaren erabilera beren barneko eta kanpoko harremanetan, udalerriaren errealitate soziolinguistikoaren arabera, baina betiere herritarrek administrazioarekin bi hizkuntza ofizialetan harremanak izateko duten eskubidea errespetatuz.

Euskararen erabilera udalerrietan eta udalerrietatik bertatik bultzatzea da dekretuaren helburua, euskara lanerako eta herritarrei zerbitzua emateko hizkuntza bihur dadin, baita tokiko eremuan ere, gaztelaniaren antzera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere garaian azaldu zuenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika PP Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Vox