Politika -
Sare soziala
Twitterrek mezuak zabaltzea debekatu dio Voxi, "gorrotoa bultzatzea" leporatuta
Eskuin-muturreko alderdiak ezin du mezurik argitaratu, ezta bertxiorik egin ere, eta jarraitzaileei mezu zuzenak bidaltzeko aukera baino ez du. Sare sozial horrek, testu bat ezabatzeko eskatu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Voxek salatu duenez, Twitterrek alderdiaren kontu ofizialerako sarbidea blokeatu du, eta, beraz, ezin du mezurik argitaratu, "gorrotoa bultzatzen duten edukiak" zabaldu izana leporatuta. Alabaina, eskuin-muturreko alderdiaren iritziz, zentsura baino ez da, Espainiako Gobernuaren "presioak" eragindakoa.
Sare sozialak hartutako neurri horren ondorioz, alderdiak ezin du mezurik argitaratu, ezta bertxiorik egin ere, eta jarraitzaileei mezu zuzenak bidaltzeko aukera baino ez du. Hala, kontuaren jarduera berreskuratzeko, argitaratutako testuetako bat ezabatzeko eskatu die Twitterrek arduradunei.
Testuinguru horretan, Manuel Mariscal Vox alderdiko diputatu eta komunikazio idazkariordeak azaldu duenez, alderdiak eta Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak joan den larunbatean sare sozial horretan izandako eztabaida batean du jatorria debekuak. Izan ere, horietako mezu batean, Lastrak Vox "atzerakoia" dela esan zuen, ikastetxeetan gurasoen betoa babesteagatik. Santiago Abascalen alderdiak, berriz, diru publikoarekin "pederastia" sustatzea ez duela onartzen erantzun zion, Nafarroan PSNk babesten duen Skolae programari aipamen eginez.
Azken mezu horren harira, Twitterrek asteartean jakinarazi zion Voxi ezingo zutela mezu gehiago argitaratu "gorrotoa bultzatzea" egotzita, baina mezu polemikoa ezabatzeko aukera eman zion debekua bertan behera uzteko. Alderdiak, ordea, ez du sare sozialaren eskaera onartu.
"Ez dugu mezurik ezabatuko. Legezko alderdia gara, hirugarren indar politikoa gara Espainian, 3,6 milioi boto-emaile baino gehiago ditugu, eta, gu bezala, Espainiako milaka herritar zentsura jasaten ari dira Twitterren eta beste sare sozial batzuetan. Nahikoa da", esan du Mariscalek.