Politika -

Katalunia

Torraren inhabilitazioa mantentzea erabaki du Auzitegi Gorenak

Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondotik, Torrari diputatu-agiria "berehala" kentzeko agindu dio Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako Parlamentuko presidenteari.

Quim Torrak ostegun honetan izango du Gorenaren berri. Argazkia: EFE.
Quim Torrak ostegun honetan izango du Gorenaren berri. Argazkia: EFE.
Quim Torrak ostegun honetan izango du Gorenaren berri. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Generalitateko presidente Quim Torrak Kataluniako Parlamentuan duen aulkiaren gaineko ebazpena eman du eta Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka ez egitea adostu du. Hau da, Torrak diputatu-agiri gabe jarraituko du, presidenteak akordio hori bertan behera uzteko Auzitegiari eskatu eta gero. Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torrari diputatu-agiria kentzea adostu zuen; Kataluniako presidenteak, ordea, esan du ez duela "atzera egingo". 

Ebazpena azaltzeko, Auzitegiak zehaztu du Torraren eskarien argudioek "lotura" dutela, bereziki, "helegitearen funtsarekin"; hortaz, "epaian heldu beharko diote" funts horri. Gainera, Torra zigortu duen prozedura penalarekin dute zerikusia, eta, beraz, administrazioarekiko auzi-prozesutik at geratzen dira. Halaber, argudio horiek, Gorenaren iritziz, "ez dute agerian uzten aipatzen duten konstituzio-kontrakotasuna". Ez du ematen, era berean, helegitean "zuzenbide onaren itxurarik dagoenik".

Gorenak argudiatzen du Espainiako Hauteskunde Batzordearen akordioak ez duela sortzen "egoera atzeraezinik"; halaber, kautelazko neurriaren alde egiteak ekarriko luke indarrean dauden agindu legalak indargabetuta geratuko liratekeela.  

Kautelazko neurria da gaur hartutakoa, nolanahi ere, gaia sakonean aztertu behar duelako Gorenak, baina momentuz Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren ildoak jarraitzea erabaki du, ez duelako uste ondorioek atzerabueltarik ez dutenik izango.

Quim Torrak, hauteskunde-garaian, ez zituen eraikin publikoetatik begizta horiak kendu, eta horregatik zigortu zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaia emanda (irmoa ez da oraingoz), Espainiako Hauteskunde Batzordeak adostu zuen Torrari aulkia eta diputatu-agiria kentzea.

Fiskaltza, akordioa bertan behera uztearen alde

Fiskaltzak, Gorenaren aurrean aurkeztutako txosten batean, Hauteskunde Batzordearen akordioa bertan behera uztea zuen babestuta; hori azaltzeko, Fiskaltzaren argudioa izan zen "agertzen diren interes publikoen zaintza orekatu eta zentzudunaren alde egitea".

Idazkian, Fiskaltzak zalantzan jartzen zuen Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskumena izatea Quim Torraren kargu-uztea agintzeko; izan ere, Generalitateko presidentearen eta hauteskunde-epaileko kide batzuen argudioak (akordioaren aurka azaldu ziren kideen argudioak, hain zuzen ere) bideragarriak ziren, itxuraz.

Aretoak aho batez arbuiatu zuen Hauteskunde Batzordearen akordioa premiaz bertan behera uztea, eta erabaki zuen eskaria kautelazko neurri gisa tramitatzea, hau da, gainerako aldeak entzunda.

Torrak diputatu eta presidente izaten jarraitzen duela berretsi du: "Ez dugu atzera egingo"

Gorenaren erabakiaren berri izanda, Quim Torrak berretsi du Kataluniako Parlamentuko diputatu eta Generalitateko presidente izaten jarraitzen duela: "Ez dugu atzera egingo", esan du, erakunde-adierazpen batean. Torraren hizetan, "ez dago inolako aldaketarik urtarrilaren 3tik edo biharamunean bilkurak onartutako ebazpenaren aldean".

Urtarrilaren 3an, Torrak adierazpena egin zuen, Hauteskunde Batzordearen akordioa hizpide, eta ostegun honetan esandako bera helarazi zien herritarrei. Hilaren 4an, hurrengo egunean, Kataluniako Parlamentuak osoko bilkura egin zuen, eta Parlamentuak diputatu eta presidente gisa berretsi zuen Torra.

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ere berretsi zuen; izan ere, Mahaiaren iritziz, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ez zuen eskumenik Torra kargua betetzeko gaitasunik gabe uzteko, eta, hortaz, Gorenaren ebazpena zein zen aztertu behar zen. Ganberako abokatuen txosten batek babestu zuen zuen hura; besteak beste, PSCk babestu zuen.

Orain, ordez, PSCk, beste talde batzuek egin dutenez, beste txosten bat eskatu du, Gorenaren erabakiak abokatuen iritzia aldatu ote duen egiaztatzeko.

Torrari diputatu-agiria kentzeko agindu dio Hauteskunde Batzordeak Torrenti

Bestalde, Quim Torrari diputatu-agiria kentzeko agindua igorri dio ostegun honetan Espainiako Hauteskunde Batzordeak Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari.

Halaber, agindua betetzen duenean ziurtagiri bat bidaltzeko eskatu dio, jada diputatu ez dela egiaztatu ahal izateko.  

Gaitasungabetzea behin-behinean baliorik gabe uzteko galdegin zuen Torrentek, baina Auzitegi Gorenak eskaera hori atzera bota duela ikusita, Torrari diputatu-agiria kentzeko hartu zuen erabakia indarrean dagoela esan Hauteskunde Batzordeak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Auzitegi Gorena bideoak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa