Politika -
Euskal hauteskundeak
Lander Martinezek ez du baztertzen lehendakarigai izatea
EAEko hauteskundeak maiatzaren 24an edo 31n izan daitezkeela uste du Ahal Dugu Euskadiren idazkari nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko hauteskunde autonomikoak maiatzaren 24an edo 31an izango direla uste du Lander Martinez Ahal Dugu Euskadiren idazkari nagusiak, "Espainiako Gobernua behin osatuta, eta euskal politikak hartutako erritmoa ikusita". Gainera, lehendakarigai izatea ez du baztertzen Martinezek, baina itxaroteko deia egin du, "gai eta prest dauden pertsona gehiago baitaude".
Autogobernua eta Estatutu berria
Ahal Duguren Herritarren Kontseiluak urteko lehenengo bilera egin du igande honetan, Unidas Podemos Espainiako Gobernuan dagoela, eta Eusko Jaurlaritzarako hauteskunde autonomikoen atarian.
Alderdiaren hauteskunde primarioetarako araudia eta egutegia onartu dute, eta egungo egoera politikoaren analisia egin. Ahal Dugu Euskadiren aburuz, Unidas Podemos Espainiako Gobernuan dagoenez, "horrek bermatzen du autogobernuaren aitorpena eta Estatutu berriaren onarpena".
Espainiako Gobernu berriak "euskal politikan izan dezakeen oihartzuna" du aztergai Herritarren Kontseiluaren dokumentuak. "Aro berrian gaude, baina ziklo zaharraren aztarnak oraindik ditugu, izan ere, hiru erkidegoetan izango dira hauteskundeak: Galizian, Katalunian, eta Euskal Autonomia Erkidegoan", zehaztu dute.