Politika -
EB-EAJ polemika
Arana: 'Ez daukat argudiorik Agirreren salaketa ez sinesteko'
Mikel Aranak esan du bazekiela Javier Madrazo eta Serafin Llamas ari zirela EAJrekin negoziatzen, baina deitoratu egin du haien asmoa "beraientzat edo euren familiarrentzat" lanpostuak lortzea zela.
Erredakzioa
Mikel Aranak berretsi egin du Javier Madrazo eta "negoziazio miserable" horretan parte hartu dutenak Ezker Batutik kanpo daudela. "EBk ez du onartuko bere izenean horrelako jarrera lotsagarriak ematea", erantsi du.
EAJ eta EBren arteko negoziazioak huts egin zuen eta Ezker Batuko militanteek erreferendum bidez Arabako Batzar Nagusietan euren hautagari, Nerea Galvezi, bozkatzea erabaki zuten. Horrenbestez, Javier de Andres (PP) izendatu zuten Arabako ahaldun nagusi eta Xabier Agirrek (EAJ) ezin izan zuen kargua errepikatu. Alabaina, atzo salaketa gogorra egin zuen Agirrek: EBko negoziatzaileek 39 afiliaturentzat lanpostuak exjitu zizkietela jakinarazi zuen, Julia Madrazo eta Serafin Llamazen izenak aipatuta. Mikel Aranak esan du ez duela arrazoirik Agirreren salaketa ez sinesteko, izan ere, "datu zehatz asko eman zituen". "Minduta, haserretuta eta engainatuta nago; Ezker Batuarengan sinesten dugunontzat egun konplikatua izan zen atzokoa", esan du.
Aranak adierazi du Agirreren salaketa entzun eta gero ulertu duela zergatik eman diren negoziazio horiei buruzko hain xehetasun gutxi.
Negoziazioak "Programari dagokionez EAJri egindako eskaerak ezagutzen nituen; areago, modu ez ofizialean EAJko kide batzuekin hitz egin nuen akordioaren alde geundela esateko, baina horretarako ezkerrera biratu behar zela azpimarratzeko; baina hori guztia arreta desbideratzeko baino ez zela ohartu naiz, izan ere, Javier Madrazo elkarrizketa horietan parte hartzen ari zen, baina onura pertsonalak lortzeko", deitoratu du.
"Atzo tonto aurpegia geratu zitzaidan. Banekien Madrazo Arabako EAJren egoitzatik pasatu zela, baina ez nekiena zen Madrazok eta Serafin Llamasek lanpostuak exijitzen ari zirela, beretzako propio bat Llamasen kasuan, eta familiakoentzako Madrazoren kasuan", azaldu du. "Hau guztia oso larria da edozein alderdirentzat, baina batez ere guretzat, ezkertiarrak eta berritzaileak garela esaten dugun heinean", gehitu du. Arabako Ezker Batuko batzarkideek Xabier Agirre auzitegietara eramatea erabakitzen badute, euren izenean egingo dutela azpimarratu du Aranak. "Ezker Batuak Arabako Batzar Nagusietan ordezkaririk ez daukala esan daiteke", nabarmendu du. Aipatu negoziazioetan parte hartu zuten pertsona guztiak "EBtik kanpo" daudela iragarri du. Honen guztiaren atzean Javier Madrazo dagoela adierazi du eta, eszisio batez hitz egiterik ez dagoela esan arren, "etxea garbitu behar dugula nabarmena da", erantsi du.