Politika -
EB-EAJ polemika
EBk onartu du lanpostuak exijitu zirela EAJrekin izandako negoziazioan
Alabaina, Kontxi Bilbaok zehaztu duenez, horren berri izan zutenean neurriak hartu zituzten eta eskaera horiek negoziazio mahaitik kanpo geratu ziren. EBren baitako krisia nabarmena da.
Erredakzioa
Xabier Agirrek (EAJ) egindako salaketak polemika pizteaz gain, agerian utzi du Ezker Batuak bizi duen barne-krisia. Gaur, Kontxi Bilbaok onartu egin du Araban EBk eta EAJk izan dituzten negoziazioetan lanpostuak exijitu zituztela Ezker Batuaren ordezkariek.
Hala eta guztiz ere, argi utzi nahi izan du horren berri izan eta berehala eskakizun horiek negoziazio mahaitik kanpo geratzeko neurriak hartu zituztela.
Kontxi Bilbaok agerraldian egin du atzo Xabier Agirrek egindako salaketaren inguruan azalpenak emateko asmoz. Arabako ahaldun nagusi ohiak jakinarazi zuenez, EBk "dirua" eta "lanpostuak" exijitu zituen 39 afiliaturentzat, trukean Agirreren hautagaitza babesteko.
Bilbaok azaldu duenez, EAJk berak ohartarazi zion Ezker Batuko pertsona batek mahai gainean interes pertsonaleko gaiak jarri zituela. EBren batzorde negoziatzaile ofizialak horren berri izan zuenean, puntu horiek negoziaziotik kanpo zeudela jakinarazi zion EAJri eta, beraz, bi alderdien arteko akordioa posible izan ez bada, beste arrazoi batzuengatik izan dela nabarmendu du. Nolanahi ere, alderdi bateko kideentzat karguak eskatzea zilegia dela esan du eta alderdi guztiek egiten dutela hori azpimarratu du. Era berean, onartu du dirua eta lanpostuak exijitu dituen EBko kideak "hanka-sartze larria" egin duela eta, ondorioz, bere aurkako neurri zorrotzak hartu behar direla.
Agirreren aurkako balizko kereila
Bestalde, Kontxi Bilbaok esan du Xabier Agirreren aurka kereila bat jartzea aztertzen ari direla. Atzo egindako adierazpenak "doilorrak", baina, era berean, "kontuan hartzekoak" direla esan du; izan ere, "EAJren benetako aurpegia agerian geratu da, saldu egin gaitu eta argi utzi du bere baldintzak onartu ezean edozertarako gai dela".
Kritikak Mikel Aranari
Horrez gain, Mikel Aranaren erreakzioa ere gogor kritikatu du, Xabier Agirreren salaketari sinesgarritasuna eman diolako eta Ezker Batuak Arabako Batzar Nagusietan dituen bi batzarkideak alderditik kanpo daudela esan duelako.
Aranak izan duen jarrerarekin "oso minduta" dagoela adierazi du eta hasieratik EAJrekin izan duten negoziazioa zapuzten saiatu dela salatu du.
"Erakunde politiko bereko kidea dela ez du ematen, kanpoko pertsona bat dirudi. Horrelako lagunak izanda ez dira arerioak behar", azpimarratu du. Amaitzeko, argitu du Aranak ez duela botererik alderditik inor botatzeko. Horretarako barne prozesu bat abian jarri behar dela esan du.