Politika -
Katalunia
U-1eko gastuak 4,1 milioitan zenbatu ditu behin-behinean Kontuen Epaitegiak
Kataluniako Gobernuan garai hartan zeuden kontseilarien eta hainbat goi-karguren abokatuek arrazoibideak aurkeztu ahal dituzte orain.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren gastuak 4.146.000 eurotan zenbatu ditu behin-behinean Kontuen Epaitegiak. Kontrol-erakundearen iritziz, diru-kopuru hori erabili zuten egun hartako bozketa egiteko, eta hala jakinarazi die Carles Puigdemont Generalitatearen presidente ohiari eta garai hartako Kataluniako Gobernuko kide guztiei.
09:30ean, Puigdemonten eta Oriol Junquerasen abokatuak eta beste 29 lagun, tartean kontseilari ohiak eta zenbait goi-kargu, deituta zeuden Kontuen Auzitegian; deialdiaren helburua zen haiei jakinaraztea zenbat diru erabili zen, epailearen iritziz, U-1ean.
Kopuru hori behin-behinekoa da oraindik; izan ere, Kontuen Auzitegiak 11:30era arte eman die epea ikertuen abokatuei kitapen-agiria aztertu eta beharrezko arrazoibideak aurkezteko. Hortaz, azken kopuruan aldaketak egon litezke.
Tramite hori amaituta, ustezko arduradunentzako fidantzaren berri emango dute. Fidantzaren helburua izango da balizko zigorrari erantzutea, eta, hala, bermatzea diru-kutxetan erabilitako dirua itzuliko dela.
Kontuen Auzitegiak zehaztutako epean kopuru hori itzuli ezean, erantzuleen ondasunak bahituko dituzte, prebentziozko neurri gisa.