Politika -
Katalunia
Erreferendumean kargatzeko agindua Barne Ministerioak eman zuela dio De los Cobosek
Guardia Zibilaren koronelak lekuko gisa deklaratu du Esquadra Mossoen buruzagien aurka Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelak koordinatu zuen Katalunian 2017ko urriaren 1eko erreferenduma galarazteko dispositibo poliziala. Bere esanetan, Jose Antonio Nieto orduko Segurtasunerako Estatu idazkariak agindu zien Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari hauteslekuetan jendearen aurka oldartzeko, “Katalunian legea ez betetzea posible zela pentsatzea saihesteko eta herritarren arteko enfrentamendua ekiditeko”.
De los Cobosek lekuko gisa deklaratu du Esquadra Mossoen buruzagien aurka Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan eta han egin ditu adierazpenok.
Erreferendumaren egunean, eguerdian, Ferran Lopez Mossoen bigarren buruzagiari igorri zion mezu elektronikoari buruz galdetu dio Josep Lluis Trapero maiorraren abokatuak Guardia Zibilaren koronelari. Mezu hartan Mossoek itxitako hauteslekuen berri eman zion Lopezek, eta De los Cobosek Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak bildutako informazioa helaraziko ziola agindu zion.
Olga Tubau abokatuaren esanetan, korreo horrek agerian uzten du Mossoak Guardia Zibilarekin eta Polizia Nazionalarekin koordinatu zirela eta, beraz, zalantzan jarri du De los Cobosen testigantza, Kataluniako Poliziak ezer egin zuela esan baitu.
Koronelak berretsi egin du goizean ohartu zirela mossoak "orokorrean ezer egiten ari ez zirela" eta, ondorioz, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren goi-karguek "beste zerbait" egin behar zela erabaki zutela, Mossoek hala eskatu ezean neurririk hartuko ez zutela adostu bazuten ere.
"Desleialtasunez jokatzen ari zirela ikusita, B plana martxan jartzea erabaki genuen; izan ere, guk ez bagenuen zerbait egiten, ez zuen beste inork egingo, eta Katalunian legea ez betetzea posible zenaren ustea zabalduko zen. Eta aurrerago etor zitekeena larriagoa izan zitekeen, independentzia aldebakarrez aldarrikatzeko mehatxua baitzegoen", azaldu du.
Halaber, "herritarren sentimenduak agerikoak ziren eta konfrontazio zibilerako arriskua zegoen", erantsi du.
Gauzak horrela, koordinazio poliziala hautsi eta beren kabuz jardutea erabaki zuten Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak, Mossoekin komunikazioa mantendu bazuten ere.
"Mossoak beren posizioan urrunago joan ez zitezela ezinbestekoa zen guretzat", adierazi du De los Cobosek.
Hasiera batean, erreferenduma galarazteko herritarren aurka oldartzea Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren zuzendariek erabaki zutela iradoki badu ere, azkenean zehaztu du agindu hori Jose Antonio Nieto Segurtasunerako Estatu idazkari ohiak eman zuela.