Politika -
Polemika Ezker Batuan
Mikel Arana: 'Berriro afiliatzen ez dena alderditik kanpo geratuko da'
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile orokorrak Javier Madrazo buru duen sektoreari ohartarazi dio berriro afiliatzen ez dena alderditik "kanpo" geldituko dela.
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak esan du "pentsatzeko asko" eman diola Javier Madrazo buru duen sektoreak alderdian berriro ez afiliatzeko hartu duen erabakiak.
"Arabako negoziazioa eraman duten berberak izateak asko pentsarazi dit", esan du Aranak EFE albistea agentziari emandako elkarrizketa batean. Kontxi Bilbao Arabako Ezker Batuko bozeramaileak onartu duenez, negoziazio horietan EAJri postu publikoak eta mailegu bat eskatu zizkioten.
Aranak gogorarazi du Ezker Batuak "berriro afiliatzeko prozesu bat martxan" daukala. Edozein kasutan, Javier Madrazoren jarraitzaileek ez dutela prozesu horretan parte hartu behar esan dute. Horren harrira, alderdiko koordinatzaileak ohartarazi dienez "berriro afiliatzen ez dena Ezker Batutik kanpora geldituko da".
Aranak zuzentzen duen EBko sektore ofizialak datorren azarorako Asanblada Orokor bat deitu du formazioa "birsortzeko", eta horren baitan legoke "berriro afiliatzeko" prozesua. Madrazok zuzentzen duen taldeak, ordea, uko egin dio Ezker Batuan afiliatzeari eta esan du Ezker Batuko Berme Batzordeak "baliogabe" utzi duela azaroko Asanbada Orokorrerako deialdia eta berriro afiliatzeko prozesua.