Politika -
Biktima politikoen ponentzia
Lopezek biktima politikoei barkamena eskatzea proposatu du Aralarrek
Astelehen honetan osatu da formalki gehiegikeria polizialen eta politika arloko biktimen ponentzia; PPk eta UPyDk ez dutela bertan parte hartuko iragarri dute.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak euskal instituzioen izenean gehiegikeria polizialen biktimei edota politika arloko beste indarkeria mota batzuk pairatu dituztenei barkamena eskatu behar ote dien aztertuko du Eusko Jaurlaritzak, orain arte biktima horiek "ahaztuta" egon direlako.
Gaur osatu da formalki giza eskubideen bortxaketa jasan duten biktimen eta indarkeria ingurumari batean sortu diren beste bidegabeko sufrimenduen gaineko ponentzia, PP eta UPyD alderdien parte-hartzerik gabe.
Ponentziako kideak datorren uztailaren 26an bilera egingo dute eta bertara talde ezberdinek beren lan proposamenak eramango dituzte irailean lanerako egutegi bat onartzeko helburuarekin.
Proposamen horietako bat Aralarrek egin du, aipatutako biktimek instituzioen aldetik jasan duten "ahaztea" dela eta, lehendakariak euskal instituzioen izenean barkamena eska diezaiela eskatu baitu alderdi politiko abertzaleak. Antzeko keinu bat egin zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 2007an ETAren biktimekin.
Gaurko bileran, gainera, Legebiltzarreko zerbitzuei ponentziaren helburu den kolektiboaren gaineko dokumentazio biltzeko eskatzea ere adostu dute.
PPren eta UPyDren kritikak
PPk publiko egin duen komunikabide batean azaldu duenez, Carlos Urquijo izango da ponentzian alderdiaren ordezkaria, aztertzen duten dokumentaziora sartzeko aukera izan dezaten, baina ez da bileretara joango, PPren ustez, ponentzia hori ETAren "historial kriminala berridatzi eta zuritzeko" sortu baita.
Gorka Maneirok (UpyD) ere komunikatu baten bitartez bere gaitzespena azaldu du, "nazionalisten asmoa historia berridatzi eta ETA Euskadin izan ditugun hainbat indarkeri mota moduan" jarriko dutelako ponentzia horren bitartez. Beraz, ez duela bertan parte hartuko iragarri du.