Politika -
Gogora
Eusko Jaurlaritza: "Ez diogu inori kalte edo mesede egiten kontratazioaren bidez"
EH Bilduren hitzetan, EAJren txartela izateak “kontratazio batzuk” errazten dituela uste du euskal gizartearen zati handi batek. Horregatik, “leihoak zabaltzea eta alfonbrak altxatzea” eskatu du.
Agencia | Redacción
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "ez dio inori kalterik edo mesederik egingo kontratazio publikoaren bidez". Ustezko ustelkeria kasuen aurrean Exekutiboak "aurreneko pausoa egiazko informazioarekin" eman duela erantsi du agintariak.
Urkulluk EH Bilduri, PPri eta Elkarrekin Podemosi erantzun die kontrol saioan. Lehendakaritzak eta Gogora Memoria Institutuak kargudun jeltzale batek zuzendutako enpresa talde bati, ustelkeriagatik De Miguel auzian zigortutako EAJko agintari ohiak tartean, esleitutako kontratuen inguruan galdetu diote buruzagiari.
"Ez ditugu arazoak ezkutatu, ezta ukatu ere, aurre egin diegu eta aurreneko pausoa egiazko informazioarekin eman dugu beti", azpimarratu du Urkulluk. Auziak bereizi ditu agintariak, eta ustelkeria guztia "gaitzesten" duela errepikatu du.
Lehendakariaren ahotan, Exekutiboak gardentasunarekin duen konpromisoa ezagutzen du euskal gizarteak. "Kritika etengabea" eta "blokeoa" leporatu dio Urkulluk EH Bilduri, "ekarpen positiborik" egin gabe, "hauteskundeetan errentagarritasun politikoa" lortu nahian.
"Ez duzue sinesgarritasunik, demagogiak prezio bat du eta Euskadik badaki", esan dio Urkulluk Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideari. Estarronaren hitzetan, EAJren txartela izateak "kontratazio batzuk" errazten dituela uste du euskal gizartearen zati handi batek. Horregatik, "leihoak zabaltzea eta alfonbrak altxatzea" eskatu du.
Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikorako Bulegoak egindako txostena zalantzan jarri du Alfonso Alonso PPko presidenteak. Txostenak ez du inolako irregulartasunik aurkitu Gogoraren kontratuetan. "Prozedura hanka-sartzeren bat" soilik antzeman du Bulegoak. PPko presidentearen esanetan, "guztia estaltzeko alde baten txosten" bat da.
“Alde baten” txosten bat denik ukatu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzak egin beharreko hobekuntzak zerrendatu ditu txostenak, gogorarazi duenez, eta Exekutiboak “kontuan hartu eta praktikan jarriko ditu”.
Azkenik, Gogorarako kontratuekin Osakidetzako lan eskaintza publikoaren ustezko filtrazioekin bezala jokatzea egotzi dio Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari, "aldeko txosten" batekin gauzak "estaliz". Kontratazio publikoan indarrean dagoen araudia aplikatzen ari direla erantzun dio Urkulluk.