Politika -

ETAren agiria

PPk Bilduren gobernuen aurka egingo du, hauteskundeak irabazten baditu

Maria Dolores de Cospedalek esan du ETAren azken agiriak argi erakusten du "talde terrorista eta Bildu gauza bera direla".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak Bilduren gobernuen aurka egingo duela iragarri du, datozen hauteskunde orokorrak irabaziz gero. Hala iragarri du Maria Dolores de Cospedalek eta onartezintzat jo du ETAren azken agiria, "argi eta garbi erakusten duelako gauza bera direla". "Ez dakit Gobernuak zer egingo duen, baina Alderdi Popularrak Espainiako Gobernua eskuratzen duenean Bilduren aurka egiteko asmoa duela esan diezazueket", nabarmendu du Cope irrati-katean egindako elkarrizketa batean. Gaur Berria eta Gara egunkariek argitaratu duten ETAren azken agiriari buruz galdetuta egin ditu adierazpenok Cospedalek. Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan Mariano Rajoyk esandakoak ekarri ditu gogora, hau da, Alderdien Legeak "hautagaitzen aurka egiteko aukeraz gain, dagoeneko osatuta dauden gobernuen kontra egiteko aukera ere" aurrikusten duela. "Ezin dugu onartu gauza bera direla horren argi erakusten duen adierazpen bat", esan du. Gainera, Bilduk Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Diputazioan izan dituen zenbait jarduerek "legea urratu" dutela erantsi du. "Alderdi Popularrean uste dugu bideak hor daudela, beharrezkoak diren ikerketak aginduko ditugu, makinak martxan jarri eta egin beharrekoa egingo dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea