Politika -
Katalunia
Forcadell eta Bassa espetxetik atera dira, adineko senideak zaintzeko
Lehen aldia da espetxetik ordu batzuetarako irteten direla. Adineko senideak zaintzeko eta borondatezko lanak egiteko baimena eman diete biei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari kargugabetua lehen aldiz atera dira kartzelatik ordu batzuetarako baimenarekin.
Jordi Cuixart (Omnium), Jordi Sanchez (ANC) eta Joaquin Forn Barne kontseilari kargugabetuari ere aitortu dizkiete kartzelatik irteteko baimenak, araudiaren 100.2 artikulua aplikatuta. Hain justu ere, Cuixart joan den otsailaren 13an irten zen presondegitik lehen aldiz.
Forcadell -11 urte eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri zioten, sedizioa egotzita- 08:30 inguruan atera da Tarragonako Mas d’Enric kartzelatik, bere ama zaintzeko eta borondatezko lanak egiteko.
Espetxe horretako Tratamendu Batzordeak hiru egunetan eta egun bakoitzeko bederatzi orduz kartzelatik kanpo egoteko baimena eman zion.
Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak espetxearen atarian egindako argazki bat zabaldu du bere Twitter kontuaren bidez. "Gureari eusten diogu", idatzi du.
Dolors Bassa, berriz, 12:00ak aldera irten da Gironako Puig de les Basses kartzelatik, bere ama zaintzeko baimenarekin. Kasu honetan ere, hiru egunetan irten ahalko da presondegitik.
Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketan Espainiako Auzitegi Gorenak zigortutako kontseilarien artean kartzelatik ateratzeko baimena lortzen duen agintari politikoa da Bassa.
(Dolors Bassa espetxetik atera den unea. Argazkia: EFE)