Politika -
ETAko preso ohia
David Pla aske utzi du Auzitegi Nazionalak
Debekatuta izango du espainiar Estatutik irtetea, eta astero azaldu beharko da epaitegian.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Tardon Auzitegi Nazionaleko epaileak David Pla ETAko preso ohia aske utzi du. Fiskaltzak eskatu bezala, Plak debekatuta izango du espainiar Estatutik irtetea, eta astero azaldu beharko da epaitegian. Astearte honetan utzi zuen Frantziak Pla Espainiaren esku.
Pla Halboka auzian auzipetuta zegoen, alegia, ETAren fronte juridikoaren gaineko auzian, baina Fiskaltzak adierazi du balitekeela auzi hori dagoeneko epaitutako kontua izatea; izan ere, Frantzian zigorra bete zuen Plak, delitu analogo batengatik.
Tardonek, hortaz, ez ditu kontuan hartu auzi honetan AVTk egiten duen akusazio partikularraren alegazioa eta defentsaren eskaerak. Hain zuzen ere, AVTk zioen Halboka auzia eta Plari Frantzian zigorra ekarri zion auzia jazoera desberdinak direla; defentsak, aldiz, eskatuta zuen ez ezartzea espainiar Estatutik irteteko debekurik, Ipar Euskal Herrian eskolatutako lau urteko alaba baitu.
Asteazken honetan, Auzitegi Nazionalean, Plak esan du ETAko kidea izan dela, hori bakarrik. Preso ohiak bost urteko kartzela-zigorra bete zuen Frantzian.
Ostegunean atxilotu zuten
Pla ostegunean atxilotu zuten, Halboka auziarekin lotutako euroagindu bat beteta, Hendaiako polizia-etxean, bertara sinatzera joana zela. 2019ko apirilaren 18an utzi zuten aske, eta familia-loturengatik ez zuten Espainiara bidali; izan ere, arestian esan bezala, eskolatutako alaba du Ipar Euskal Herrian. Hala, Hendaian bizi da kartzelatik irten zenetik, epailearen zaintzapean.
2011ko urtarrilaren 10ean eta urriaren 20an, alegia, ETAk, hurrenez hurren, su-etena iraunkorra eta egiaztagarria eta ekintza armatuaren amaiera deklaratu zituenean, Pla agiriak irakurri zituen ETAko kideetako bat izan zen.