Politika -
Gerra Zibilaren 75. urteurrena
Aralarrek altxamendu militarra gaitzesteko eskatu dio Gobernuari
Halaber, Gasteizko Ganberak 1936ko altxamendu militarraren ondorioak jasan behar izan dituzten guztiei biktima izaera aitortzeko eskatu dio.
Erredakzioa
Aralarrek Eusko Legebiltzarrean proposamen bat aurkeztu du, Gobernu zentralari 1936ko altxamendu militarra eta ondorengo diktadura frankista gaitzesteko eskatuz.
Halaber, Gasteizko Ganberak 1936ko altxamendu militarraren eta ondorengo diktaduraren ondorioak jasan behar izan dituzten guztiei biktima izaera aitortzeko eskatu dio.
Era berean honako hau eskatzen dio: zuzenbide osoz nulutzat jo ditzala gerra zibilean eta gerraren ondorioz emandako sententzia errepresibo guztiak bai eta, auzitegi berezien babesean, hiritarren askatasunaren alde egindako jarduerengatik hiritarrei jazartzeko, erreprimitzeko eta zigortzeko erabilitako epai eta jarduera judizial guztiak ere. Hala, aitorpen horri beharko lukeen legezko bidea eman diezaiola exijitzen dio.
Aintzane Ezenarro Aralarko bozeramaileak adierazi duenez, "terrorismoaren biktimei memoria zor zaiela azpimarratzen duten PPk eta PSOEk asko dute egiteko oraindik Frankismoaren biktimei dagokienez".