Politika -
Kultura Hiriburua
Otegik izendapena manipulatu duela uste du Elorzak
Izendapenarekin "Europak bere zioa lagundu" zuela esan zuen Arnaldo Otegik, baina hori egitasmoaren "sinesgarritasunarentzat kalte larria" dela adierazi du Donostiako alkate ohiak.
Erredakzioa
Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburua izendatzearekin "Europak bere zioa lagundu" zuela esan zuen Arnaldo Otegik, baina hori egitasmoaren "sinesgarritasunarentzat kalte larria" dela adierazi du Donostiako alkate ohiak. Gainera, Otegik hautagaitza "manipulatu" duela salatu du Elorzak.
Batasunako bozeramaile ohiak eta Bateragune auziko gainerako auzipetuek artikulu bat argitaratu zuten atzo Gara egunkarian. Donostiaren izendapenarekin "Europak martxan jarritako prozesua babesten" duela defendatzen zuten komunikatuan. Alkate ohi sozialistak Otegiri eta auzipetuei erantzun die gaur.
Elorzaren ahotan, "nazioarteko epaimahaiaren hitzak edo erabakia bere estrategia politikoaren mesedetan erabiltzea herritarrentzat onartezina da; keinu oportunista eta epaimahaiaren borondatearen kontrakoa da".
"Urte askotan Donostiak eta hiritarrek egindako lana eta apustua" aintzatetsi du izendapenak, Elorzaren hitzetan, "proiektuak kultura elkarbizitza eraikitzeko tresna gisa defendatzen duelako".
Bildu, "kontra"
Bilduk egitasmoaren "aurkako" jarrera izan zuela gogorarazi du alkate ohiak. Hauteskunde-kanpainan proiektua "lehentasuna ez" zela defendatu zuen koalizioak, Elorzaren esanetan. Ondorioz, Bilduk "ezin du argazkirik edo errentarik atera herenegun hautagaitzaren kontra zegoelako", erantsi du.
"Ezmorala da. Are gehiago, terrorismoaren eta indarkeriaren ondorioak, Donostian utzitako 110 hildakoak, beldurrak, isiluneak, gorrotoak eta giza eskubideen aurkako erasoak geldiarazi nahi ditu egitasmo kulturalak. Ondo irakurri, edo behintzat irakurri ezazue", gaineratu du.