Politika -
Bilera Bilbon
Madrazoren dimisioa gauzatzea erabaki du Ezker Batuak
Era berean, Arabako bi batzarkideei euren aulkiak uzteko eskatu die Ezker Batuko Presidentetzak. Madrazoren aldekoak ez dira bilerara joan.
Erredakzioa
Javier Madrazoren dimisioa gauzatzea erabaki du Ezker Batuko Presidentetzak gaur arratsaldean Bilbon egin duten bileran, ETBk jakitera eman duenez. Era berean, Arabako bi batzarkideei euren aulkiak uzteko eskatu die.
Madrazoren aldekoak ez dira bilerara joan. 18 kidetik 11 izan dira bileran, eta denen adostasunarekin Mikel Aranak Arabako auziaren gainean egindako txostenaren ondorioak onartu dituzte.
Hala nola, Madrazoren dimisioa onartzen dute, baita Llamasena ere, eta azken honi, Ezker Batuan baja eman dezan eskatzen diote, eta Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta Arabako batzarkideei, batzarkide aktari uko egitea.
Horrela, EAJrekin Arabako Aldundian izandako negoziaketei buruz egindako txostena onartu du aho batez Ezker Batuako Presidentetzak. Honenbestez, Javier Madrazo alderdiko koordinatzaile nagusi ohia kaleratzea eta inplikatuei karguak uzteko eskatzea adostu dute.
EBko ordezkariek jeltzaleei babesa ematearen truke dirua eta kargu publikoak eskatu zituztela salatu zuen Xabier Aguirre Arabako ahaldun nagusigaiak (EAJ) Batzar Nagusietan egindako inbestidura saioan.
Txostena
"EBren organoek horren berririk izan gabe, Ezker Batuaren babesa baldintzatu" zuten Madrazok eta Serafin Llamas bozeramaileak, txostenaren arabera. Babes horren truke 43 lagun kontratatzea eta 600.000 euroko kreditu bat eskatu zieten jeltzaleei.
Konkretuki, negoziaketako "B mahaian Julia Madrazo, Jon Sustatxa (biek Bilboko zinegotzi izateari utzi zioten maiatzaren 22an) eta Serafin Llamas aurten kontratatzea, eta beste 39 pertsonari legealdian zehar lanpostu bat ematea" eskatu zuten, txostenaren esanetan. Era berean, "Jose Navas (Gasteizko zinegotzi ohia) Vital Kutxan sartzea" eskatu zuten.