Politika -

Diputatuen Kongresua

Krimen frankistak epaitzeko Amnistia Legea aldatzea errefusatu dute

Ekimena BNGk aurkeztu du, baina ez da aurrera atera PSOEk, PPk eta CiUk errefusatu dutelako. Gizateriaren aurkako delituak Amnistia Legetik at utzi nahi zituen proposamenak. EAJ abstenitu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismo garaiko krimenak ikertu eta epaitu ahal izateko 1977ko Amnistia Legea aldatzea proposatu du BNGk, baina Diputatuen Kongresuak ekimena atzera bota du.

Ekimena ez da aurrera atera PSOEk, PPk eta CiUk ez dutelako babestu.

Proposamena defendatu duenean, zauriak zabaldu nahi ez dituela esan du Francisco Jorquera BNGko diputatuak, itxi baizik. "Zigorgabetasunarekin eta ahanzturarekin" zauriak ixtea ezinezkoa dela argudiatu du Jorquerak. Horretarako biktimei ordaindu behar zaie, memoria eduki eta "gertakari lotsagarri horiek zuzendu" behar dira, BNGko ordezkariaren ahotan.

Gizateriaren aurkako delituak Amnistia Legetik at utzi nahi zituen proposamenak. Horrela, legearen aplikazioa preskribatzea saihestu nahi zuen BNGk. Jorqueraren ahotan, altxamendu militarra gertatu zenetik 75 urte igaro dira dagoeneko, eta 36 urte Franco hil zenetik, diktaduraren "ankerkeriak" oraindik ez epaitu izanak logikarik ez du.

Ganberak atzera bota du

Sozialistek ekimena errefusatu dute, erreforma "beharrezkoa ez" delako, Jordi Pedret PSOEko diputatuaren hitzetan.

Trantsizioan Amnistia Legea faktore garrantzitsua izan zela adierazi du Jorge Fernandez PPko diputatuak. BNGk legearen legitimotasuna zalantzan jartzea kritikatu du Fernandezek.

Aitor Esteban EAJko diputatuak abstenitu behar zirela iragarri du. Estebanen ahotan, ekimena ez da beharrezkoa. Legea atzeraeraginkortasunarekin aplikatuko balitz "nor epaitu behar duten" galdetu du Estebanek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea